Guztion Alardeak jaiei begirako gogoeta plazaratu du
Gatazkari konponbidea emateko modu bakarra elkarrizketa dela argi dute kideek. Hori dela eta, bakoitzak bere inguruan konponbiderako bidea bultza dezala eskatu dute.
Guztion Alardeko kideek adierazi dutenez “inoiz baino elkartuago” bizi izan dituzten jaiak izan dira aurtengoak, “egun guztian zehar Alardeko kideak, Jaizkibelekoak eta ikusleak elkar ospatu, agurtu eta besarkatu gara konplexurik gabe”. HAOSEko (Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartea, lehengo Alarde Fundazioa) kideek, ordea, kontrakoa ikustarazi nahi izan dutela salatu eta haien jarreraren aurrean kritiko agertu dira. Jaiak hasi aurretik Gernikako Arbolan emango zen “nahasketa naturala” saihesten saiatu zirela nabarmendu dute, eta segurtasunaren aitzakian beraiek izan zirela tentsioa sustatu zutenak, “azken urteetan ikusi dugun presio kanpaina bortitzenetako bat antolatuz”. Aldi berean, aurrerapausoak zapuzteko eta tentsioa areagotzeko saiaketa horretan, beste zenbait ekintza gertatu zirela salatu, eta horiek erabat gaitzetsi dituzte. Hala nola, profil faltsuetatik zabaldu diren gezur eta intoxikazio mezuak, pertsona zehatzei gauzatutako mehatxuak, edota hainbat soldadu alardetik kanporatu izana.
Jaietako erasorik gogorrena, ordea, hilaren 7an gertatu zen. HAOSEko eta Tanborradako kargu nagusiek, haien kabuz, Arma plaza kanpoan gelditzea erabaki zuten, eta jarraian “inoiz ikusi gabeko herriaren ordezkari legal eta legitimoen aurkako erasoa gauzatu zen”. Udal korporazioari txistu egin zioten zenbaitek, nahiz eta beste hainbatek txaloekin erantzun zioten egoerari. Egoera horren aurrean, Guztion Alardeko kideek beren babes osoa adierazi nahi izan diote demokratikoki hautatutako udal gobernu zein korporazioari.
Amaigabeak ziruditen egunen ondoren iritsi zen azkenean irailaren 8a. Eguna bere horretan lasaia izan zen arren, ezusteko ugari gertatu ziren. Goizean goiz, “alardeko parte hartzaileei aurretik ezer komunikatu gabe” Gernikako Arbolaren inguruan “ezkutatu” zituzten eta horren ondorioz, “tradizioaren defendatzaile sutsuenek tradizioa hankaz gora” jarri zutela adierazi dute: “Hatxero Nagusia ez zen Santa Maria arkutik kanpaiekin pasa, Sainduako deskargak bertan behera utzi zituzten, eta Guadalupeko meza atzeratu egin zen. Aurreko urtean sortutako bandera faltsifikatua ere hor barrena ibili zen, egun amaierako bandera entregaren asmakizun berriarekin eta guzti”.
Horiek horrela, bistakoa da HAOSEk ez zuela adostutakoa bete, eta beraz, legea urratu zutela Guztion Alardekoen aburuz. “Dena, zuen ondoan emakume bat txibilitua, danborra edo eskopeta eramaten ez ikusteagatik”, gaineratu dute.
Gogoeta egin ondoren, datozen urteko jaiei begira jarri dira Guztion Alardeko kideak. Herritar “zintzoengan” jarri dute fokua. Gatazkari konponbidea emateko modu bakarra elkarrizketa dela argi dute. Hori dela eta, bakoitzak bere inguruan konponbiderako bidea bultza dezala eskatu dute.