Udal euskaltegian izena emateko epea zabaldu dute
Hilaren 19an itxiko da ikastaroetan matrikulatzeko epea. Maila guztietako saioak eta ordutegi bereziak eskaintzen dituzte.
Udal Euskaltegiak eskaintzen dituen ikastaroetan izena emateko epea zabaldu berri dute. Hala iragarri du Hondarribiko Udaleko Euskara sailak. Zazpi egunez zabalik egon eta gero, hilaren 19an itxiko dute matrikulatzeko epea.
Maila guztietako saioak eta ordutegi bereziak eskaintzen dituzte. Gainera, astean bitan, hirutan, lautan edota saio intentsiboetan izena emateko aukera dago, eta ikasleek aurrez aurreko saioak, onlinekoak edo konbinatuak aukeratu ditzakete.
Halaber, ikasleentzat hobariak eta bekak banatzen ditu udalak. Langabetuek matrikularen %10 ordaintzen dute (EABA txartela aurkeztuta) eta Hondarribian erroldatuta badaude eta asistentzia ona badute, ordaindutakoa osoki itzuliko zaie. Langabe ez direnei, baina asistentzia ona dutenei ere %75a itzuliko zaie.
Klaseak eskaintzeaz gainera, euskararen erabilera bultzatzeko, ekintza ugari antolatzen dituzte: mintzamena lantzeko taldeak, txangoak, sagardotegiak, bisitak… Informazio gehiago jasotzeko 943 64 12 16 eta 747 404 360 telefonoetara deitu, edo euskaltegiko helbidera idatzi daiteke.