HHko, LHko eta DBHko 2.300 ikasle Irunen
Irungo Udalak 440.000 euroko inbertsioa egin du bere eskumeneko diren hezkuntza zentroetan hobekuntza lanak egiteko.
Aste honetan hasi dira Irungo ikastetxe gehienetan ikasturtearekin. Irungo Udalak emandako datuen arabera, 2.300 ikasle inguru izango dira hiriko hezkuntza zentroetan 2024-2025 ikasturtean: Haur Hezkuntzan (HH) 436, Lehen Hezkuntzan (LH) 1.002, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) beste 864. Beste hezkuntza zikloetako ikasleek ere ekin diote sasoi berriari.
Eskola itzuleraren gainekoen berri emateko Belaskoenea HLHIn izan da gaur Cristina Laborda alkatea, Hezkuntzako ordezkari Jon Ugarterekin batera. Agintaria hango ikasle talde batekin izan da, kurtso berria nola hasi duten jakiteko. Gainera, Belaskoeneako ikastetxeko irakasleek egiten duten lana aitortu du; ikastetxeko zuzendaritza taldeko kideak nahiz hainbat irakasle izan dituzte bidelagun udal ordezkariek gaurko bisitan.
Labordak ekitaldi honetan nahiz aurrekoetan Irungo Udalak egindako inbertsioak nabarmendu ditu. Horiek diru kopuruetara eramanda, 440.000 eurokoa izan direla jakinarazi du, lau ikastetxetan banatu direlarik lan eta hobekuntza horiek; diru kopuru horretan hezkuntza zentroek beharrezko izaten dituzte mantenu lanak era daude.
Materiala, hirian erosi
Udal agintariek gaurko bisitaldia baliatu dute gogorarazteko familientzako eskola-materiala erosteko diru laguntza lerroa zabalik duela udal erakundeak, Erosi eta ikasi Irunen izenekoa. Laguntza horiek baliatzeko aukera hilaren 30era arte da zabalik; udalak 200.000 euroko diru partida esleitu du egitasmorako.