Goi mailako mahai tenisa lurreratuko da Irunen
Larunbatean eta igandean mahai teniseko Basque Country International Cup txapelketa jokatuko da Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan. Euskal Selekzioa, Argentina eta Kolonbia arituko dira nor baino nor.
Goi mailako mahai tenisa lurreratuko da Irunen. Asteburu honetan, hilaren 14 eta 15ean, mahai teniseko Basque Country International Cup txapelketa jokatuko da Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan. Euskal Selekzioa, Argentina eta Kolonbia arituko dira nor baino nor Irunen, eta herrialde bakoitzeko puntako jokalariak arituko dira hirian. Orotara, 14 partidaz gozatu ahal izango dute Leka-Enea mahai tenis klubeko instalazioetara gerturatzen direnek, eta gaur aurkeztu dituzte txapelketaren ildo nagusiak Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidenteak, Victor Gonzalez de Etxabarri Euskal Herriko Mahai Tenis Federazioko presidenteak, Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariak eta Leire Gerenabarrena Euskal Federazioen Elkarteko koordinatzaileak.
Basque Country International Cup txapelketa Euskal Selekzioaren nazioartekotzean “mugarri” izango dela adierazi du Angel Gurrutxagak. Etxeko taldea Argentina eta Kolonbia bezalako aurkari “garrantzitsuen” kontra arituko dela nabarmendu du Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidenteak, eta Euskal Selekzioak “maila ona” emateko nahia plazaratu du.
Victor Gonzalez de Etxabarrik jakinarazi du Euskal Selekzioak Euskal Herriko “maila handieneko” jokalariak bildu dituela Irungo zitarako. Nazioarteko taldeen kontra arituko dira asteburuan, eta hori kirolari horien proiekziorako mesedegarria izan daitekeela ziur da Euskal Herriko Mahai Tenis Federazioko presidentea. Urte bukaera bitartean, nazioarteko hiru lehiaketetan arituko dira Euskal Selekzioko kideak: Irunen asteburu honetan, Portugalen urri bukaeran eta oraindik zehazteke dagoen beste egoitza batean. Azken hori, seguruenik, Frantzian jokatuko dela aurreratu du Gonzalez de Etxabarrik. Nazioarteko esperientzia hori, gainera, kirolarientzat “bultzada handikoa” izango dela baietsi du federazioko presidenteak.
Aurrez aipatu bezala, 14 partida jasoko ditu Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroak. Talde bakoitzak hiru gizon eta emakume bat izango ditu, eta partiden helburua da 8 puntura iristea. Hortaz, 8 puntura iristen den taldeak irabaziko du kanporaketa hori. Antolatzaileek lau mahai ahalbidetu dituzte txapelketa jokatzeko.
Borja Olazabal Kirol ordezkariak nabarmendu du Irunentzat “oso positiboa” dela goi mailako txapelketa bat antolatu ahal izatea. Leka-Enearen instalazioak “bikainak” direla adierazi du udal hautetsiak, eta ziur da txapelketa “polita” izango dela Irunera gerturatzen diren pertsonentzat. Horrez gain, tankera horretako ekitaldiek Irun mapan kokatzeko balio dutela baietsi du Olazabalek, eta horrek hiria ezagutarazteko balioko duela ziur da.
Azkenik, ordezkari guztiek zaleak animatu dituzte Sonia Etxazarreta zentrora gerturatzea goi mailako mahai tenisaz gozatzeko. Honakoa da partiden ordutegia: larunbatean 09:30etik 11:30era eta 17:00etatik 21:30era eta igandean 10:00etatik 12:45era.