"Atzera bueltarik gabeko" aurrerapausoen aurrean pozik agertu da EH Bildu
Ezberdinen arteko elkarrizketa eta adostasuna herrian bultzatu behar dela iritzi dute, eta horretarako prozesu parte hartzaile bat egitea proposatu dute, "udalak berak, legezko markoaren barruan, adostasunean oinarritutako irtenbidea diseina dezan".
Ez da astebete igaro jaietako egun nagusia, irailaren 8a, igaro denetik. Emozio handiko eguna izaten da herritar ororentzat, baina azken asteetan tentsioa eta ezjakintasuna nagusi izan dira herrian. Jaiak igarota talde balorazioa plazaratu nahi izan du Euskal Herria Bilduk.
Aurtengo jaietan datorren urteko alardearen markoa baldintzatuko duten “atzera bueltarik gabeko aurrerapauso” ugari eman dira, eta alde horretatik pozik agertu dira bilkideak. Udal talde guztiek aitortu dute Jaizkibel Hondarribiko Alardeko konpainia bat gehiago dela, eta “borondate politikoa” badago, aginte politiko baten erabakiek aldaketak ekar ditzakeela argi geratu dela esan dute. Gainera, udal gobernuak konpainia guztiak maila berean jartzeko izan duen “ausardia” nabarmendu dute, horri esker Jaizkibelek hamarkadetan ukatuak izan zaizkion espazioak bereganatu ahal izan dituelako.
Aldi berean, alkatearen ebazpenez mintzatu dira. Izan ere, azken asteetan jaien epizentro izan dira dokumentu horiek. Jaizkibel konpainiak irailaren 8a antolatzeko udalak duen eskumena aitortu, eta ebatzitakoak onartu eta bete egin zituzten. HAOSEk (Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartea) ordea, kontrakoa egin zuen. Alkateari bigarren ebazpen bat eginarazi eta ez zuten negoziatutakoa bete: Gernikako Arbolara zegokion orduan joatea ekidin zuten. “Argi utzi dute ez daudela eskatzen zaiena betetzeko prest; beraz argi dago demokraziaren arauak onartzen ez dituen erakunde bati ezin zaiola irailaren 8ko antolakuntzan behar baino garrantzia gehiago aitortu”.
EH Bildu alderdian argi dute ezberdinen arteko elkarrizketa eta adostasuna herrian bultzatu behar dela, eta hori egiteko prozesu parte hartzaile bat proposatu dute, ondoren, udalak berak, legezko markoaren barruan, adostasunean oinarritutako irtenbidea diseina dezan.
Azkenik, azken aste hauetan alderdi gisa jaso dituzten interpelazioei dagokienez beste zenbaitek sustatutako “mehatxu, irain eta errespetu faltaren” estrategiaren parte izango ez direla adierazi dute. Urte luzez aritu dira Jaizkibelekin batera, Hondarribiak alarde parekide publiko eta bakar bat izateko lanean eta orain arte bezala lanketa hori udalgintzatik egiten jarraituko dutela esan dute, oposizioan zeudenean izan zuten jarrera berari eutsiz.