Doako aholkularitza sexual eta afektiboa, erreferentzialtasun bila
Asexorate zerbitzuaren ikasturte berria aurkeztu dute Martindozenea gaztelekuan. Maialen Dorronsoro sexologoak, haur eta nerabeekin harremana duten agente guztiengana iristeko erronka dauka aurrean.
Sexualitateari eta afektibotasunari buruzko doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen du Asexorat-k eta ikasturte berriari begirako aurkezpena egin dute gaur bertan Sergio Javier Gazteria ordezkariak, Maialen Dorronsoro bertako sexologoak eta Elene Jimenez Sexune elkarteko kideak. Zerbitzu honen egoitza nagusia Martindozenea gaztelekua da, baina 2025ko urtarriletik aurrera CBA kultur zentro berrian edukiko du bulegoa bi urtez segidan gaztelekuetan daramatzan Dorronsoro sexologoak, nahiz eta behar den lekuetara mugitzen arituko den aditua.
Lehen bistan 4 eta 25 urte bitarteko haurrei bakarrik zuzendutakoa dela dirudien arren, gurasoei, hezitzaileei, gizarte langileei edota tutoreei babesa eskaintzea da asmoa ere. Gazteekin eta haurrekin bakarrik lan egin beharrean, beraiekin kontaktuan dauden beste agenteekin ere lan egitea “garrantzitsua” delako Dorronsororen ustez. Esku hartzea egiteko modu asko dituzte eta horietako batzuk esku hartze zuzenak diren arren, sexologoarentzat garrantzitsua da jendeak edozein momentutan haiekin harremanetan jarri ahal izateko aukera izatea.
“Arazo larri bat izan aurretik guregana etortzea da horren helburua. Ez dugu nahi soilik arazoa larria denean edo gatazka sortua denean bakarrik etortzea” erantsi du. Hitzordu bat “lasaia” ere izan daitekeela azaldu du sexologoak, hau da, ez duela zertan larritasunetik edota kezkatik abiatutako zerbait izan behar. Gainera, banaka ez ezik, binaka, kuadrillan edota bikotearekin gerturatu daitezkeela argitu du adituak. Bulegoa, astean 27 orduz egongo da zabalik, asteazken, ostegun eta ostiral arratsaldetan.
Erreferentzialtasuna
Erreferentzialtasuna lortzea da zerbitzuaren ikasturte honetako erronka nagusia. Horretarako, erreferentziazko pertsona bilakatu nahi du Dorronsorok, gazteek jakin dezaten zerbitzu hau eskura daukatela eta edozein momentutan jar daitezkeela harremanetan. Horretarako, CBAko etorkizuneko bulegora gerturatu, 633 610 507 telefonora deitu edota mezu elektroniko bat bidal daiteke.
Erreferentzialtasuna, gainera, herrian ere izan nahi du sexologoak. Horren harira, Irunen ekintza desberdinak egiten saiatzen dira jendearengana gerturatzen. Gurasoengana iritsi nahi dute eta hezkuntzan ere sartu nahi dute. “Eskola desberdinetan proiektu ezberdinak dauzkagu eta helduagoak direnentzako harreman digitalei buruzko lanketak egin nahi ditugu. Txikiagokoekin sexualitateari lotutako beste tailer batzuk egiten ditugu. Esparru asko barne hartzen ditugu” adierazi du Dorronsorok.
Bestalde, Gazteartean zerbitzuak apustua egina daukala “erantzunak, babesa eta orientazioa” emateko sexologiari eta afektibotasunari dagokionez azaldu du Javierrek. Pertsonalki hazi ahal izateko zerbitzu hau “garrantzitsua” dela uste du udal ordezkariak eta beharrezkotzat jo ditu baliabide “fidagarriak eta kalitatezkoak” eskaintzea. “Gazteak kalitatezko eta fidagarria den informazioarekin hobe eta gehiago ezagutuko dira. Gainera, erlazioak errespetu handiagokoak izango dira horrela eta konfiantzazko espazio batean eta dibertsitatetik” zehaztu du.
Lehen bistan, 4 eta 25 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa dela bakarrik dirudien arren, gurasoei, hezitzaileei, gizarte langileei edota tutoreei babesa eskaintzen zaie. Zerbitzu hau “aprobetxatzeko” deia egin dute, ez delako ia inon topatzen. Bada, erreferentzia da Irungo sexologia eta afektibotasunerako aholkularitza zerbitzua.
Kontratuak bi urteko iraupena dauka 80.402,45 eurorekin eta Dorronsorori esleitu zaio kontratu hori.