Udatxao! jaialdiak itxiko du udako kultur agenda
Hilaren 21n Sarjia parkean egingo den jaialdiarekin itxiko da udako kultur agenda. Kilimak eta Lilibat Sound musikariak, zeramika tailerra, zirkua edota dantza garaikidea izango dira protagonistak.
Uda amaitzear den honetan, kulturak ez du etenik izango. Hala, hilaren 21ean, larunbata, Udatxao! jaialdia egingo da Sarjia parkean. Proposamen hau aurrekontu parte hartzaileetan egindako eskariaren ondorioa da, gazteei zuzendutako kultur jarduerak indartzea, alegia. Sergio Javier Gazteria ordezkariaren esanetan, jaialdi honekin “bikain” esango diote udari agur.
Musika, zeramika tailerra, pintura tailerra, zirkua eta dantza garaikidea biltzen ditu proposamenak, eta besteak beste, Chocolates Irun, Marrubi edota Lilibat irundarrak daude programazioan inplikatuta. Gazteartean ere ibili da egitarau honen atzean.
Egitaraua
Arratsaldean zehar izango da jaialdia izango da, eta hainbat proposamen batera egingo dira. Hasteko, Lilibat Sound kolektibo irundarrak roots eta lover soinuekin girotuko du parkea bi saiotan. Lehenbizikoa 18:00etatik 19:30etara izanen da eta hurrena 19:30etatol 21:00etara.
Zeramika tailerra Laura Minerrek emango du, eta atximurraren teknika erakusten zentratuko da artista. Ordu eta erdiko bi saio eskainiko dira, hasiberrientzako. Parte hartzeko aurretik izena eman behar da Gazteartean orrialdean. Dena den, bertaratzen direnek izena emateko aukera izango dutela jarduera hasi aurretik ere azaldu dute. Lehenengo tailerra 18:00etan hasiko da eta bigarrena 19:30ean.
Pintura tailerraren izena Art & Wine da (artea eta ardoa) eta asmoa koloreekin eta zaporeekin esperimentatzea da. Parte hartzaileek Vincent Van Gogh margolariaren Gau izartsoa koadroaren erreplika osatuko dute, txokolatea jaten duten bitartean. Urre marroia jatearekin ahoari utzi nahi diote agintea prozesuak irauten duen bitartean. Garikoitz Muruak zuzenduko du saioa, Chocolates Irunekin batera. Tailer hau bitan eskainiko da, 18:00etan eta 19:30ean. Gaztarteanen orrialdean izena eman behar da aurretik, baina bertan ere ahalko da inskribatu.
Ondoren, 19:45etatik 20:10etara, dantza garaikideaz gozatzeko txanda izango da. 2Hotz kolektiboak estreinakoz ariko da bere proiektu koreografiko berria erakusten. Bi audio eta Aerea taldearen Nebula eta Agrabah abestiak uztartuko dituzte, eta kolektiboaren izenaren jatorriari segika, bihotzaren taupadetan oinarritutako ikuskizuna da taularatuko dutena. Kolektiboaren arabera, bihotz taupadetan oinarritzen da bizitzaren joana, ametsak egi bihurtzen saiatzeko helburua. Ikuskizun hau Estebe Abrisketa irundarrak eta Efren Colomer palentziarrak eskainiko dute.
Zirkua 20:15etan hasiko da eta Lander Brionesek zuzendutako obra, Hazia, 35 minutuko pilula bat taularatuko du. Zirkuss-en Sustrai ikuskizunean du jatorria, eta hiru diziplina uztartzen ditu: zirkua, dantza eta arte plastikoak. Herritarren parte hartzea sustatzen duen proiektua da eta zirku garaikidearen presentzia handitzea da haien xedeetako bat, irtenbide profesionalak emateko artistei eta kulturaren arloko zenbati azpisektoreri. Azkenik, Kilimak taldeak itxiko du arratsaldea, 21:00etatik 22:30etara.