Arrantzale egunean, festa giroa nagusi
287 gazte bildu dira Benta Zaharrean egiten den herri bazkarian. Zapi zuri-urdinak lepoan egun osoko festa egingo dute.
Hondarribiko Jai Nagusiak bukaerara heltzen ari dira. Arrantzale eguna da gaur, herritar guztiak zuri-urdin janzten diren eguna. Goizeko 10:00etan herriko bandera agurtu eta Portuan sokamuturra ikusi ondoren, 14:30ean Benta Zaharrera gerturatu dira 287 lagun. Herri bazkaria Bidasoko EKTk antolatzen du. Elkarteak Irungo Udalaren eta Betti Gottiren laguntza jasotzen du.
Mahaikide guztiak eseri direnean hasi dira bazkaria banatzen. Pate pixka batekin, errusiar entsaladarekin, frigituekin, txerri ukondoarekin eta hostopilekin beteko dituzte sabelak. Azkenik, kafea eta kopak banatuko dituzte. Bazkalostean, 16:00etan, Euskal Bingoa egingo dute. Mahaikideei txartel bana banatuko zaie eta hiru sari banatuko dituzte: lehenengo bingoa kantatzen duenak 600 euro jasoko ditu, bigarrena abesten duenak 300 euro eta hirugarrenak 150. “Ez dugu aukera gehiagorik denbora falta izaten delako” azaldu du Bidasoko EKTko kide batek. “17:30etarako jaso egin behar omen da, batez ere gaueko kontzertuari begira”.
Datorren urteari begira, Hondarribiko Udalarekin bildu nahiko luketeela adierazi du ere, gaurko eguna hobeto antolatzeko premia ikusi dutelako. “Azkenean txosna inguru batean gaude, karpa baten azpian eta teknikariak gaueko kontzertuari begira lana egin behar dute. Orain arte ez dugu koordinazio lan horiek egiteko aukerarik izan. Bilera azkar bat egin eta oraingoz ondo moldatzen ari gara” gaineratu du. Aldi berean, espazioaz ere aritu da EKTko kidea: “Herrian horrelako gauzak mantendu nahi baditugu espazio bat behar dugu, eta ezinbestekoa zaigu karpa bat, eguzkia izan edo euria izan. Hori garbi dago”.
Bidasoako EKT 45 urtetik gora dituen elkarte bat da. Hondarribin eta Irunen aritzen da ekintzak antolatzen. Hoerietako bat zen hilaren 10ean egiten zen kuadrillen arteko jolasak. Azken lau urteetan ordea, ez dute antolatzerik izan, aurrekontu faltagatik. Antolatu zen azken urteetan ere partaidetza pixka bat jaitsi egin zela gogoratu du kideak eta jokoak berreskuratzeko eta egunari bultzadatxo bat emateko beharra dagoela adierazi du. Ikusgarritasuna emateko kukaña berreskuratzea gustatuko litzaieke: “Urte batean egin genuen eta arrakastatsua izan zen”. Xehetasun horietaz guztietaz hitz egiteko udalarekin bildu nahiko luketela esan du azkenik.
Hona hemen bazkariko zenbait argazki: