Jaizkibel konpainiak bidea hasi du
Txalo zaparrada eta babes oihu artean hasi du Jaizkibel konpainiak bidea. Gernikako Arbolara ez dira agertu beste konpainiak.
Aurten lehenengoz, Gernikako Arbolatik hasi du bidea Jaizkibel konpainiak. Hondarribiko Festa Nagusien egun handia da gaur, alardearena. Jaizkibelgoek aurten lehenengoz ere konpainia izaerarekin egingo dute desfilea, udalari baimena eskatu, eta jaso duelako. Baina Gernikako Arbolan ere izan behar zuten beste 21 konpainiek ordu beretsuan, baztertzaileak horiek, emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituztenak: ez dira agertu. Izan ere, horiek alkateak Jaizkibelen gaineko ebazpenak eta erabakiak (Gernikako Arbolatik hastea, konpainia izaera onartzea) gogor kritikatu dituzte. Horri mespretxua Gernikako Arbolan ez agertuz azaldu dute. Mespretxua beste behin.
Edonola ere, 27.enez bidea hasi du konpainia parekideak, “Gora Jaizkibel” eta “emakumeak alardean!” oihu artean. Zaleen, herrikideen txalo zaparrada, malkoekin batzuk. Izan dira hasiera horretan beste konpainietako hainbat lagun, Guztion Alardea mugimendukoak, konpainiaren bidearen hasieran izan direnak txaloka. Gernikako Arbola utzi, eta Kale Nagusiranzko bidea hartu du konpainiak.