"Ez nuen espero, baina izugarrizko ilusioa egin dit"
Nafarroako Unibertsitatean Gaixotasun Hepatikoen Terapia Genikoaren Ikerketa taldeko ikertzaile nagusia da. Haren pasioa lan bilakatu du hondarribiarrak: "Zientzia gogorra da, baina aldi berean, zoragarria".
Urrezko Intsignia jasoko du bihar (hilak 7) Gloria Gonzalez Aseginolazak. Ekitaldia Hondarribiko udaletxean izango da, eguerdiko 12:30ean. Errekonozimenduagatik zeharo hunkituta, harro jasoko du herriko ikurra haren familiaz inguratuta.
Espero al zenuen saria jasotzea?
Lehenik eta behin, intsignia jasotzeko izendatuen artean egotea izugarria iruditu zitzaidan. Eta gero, sekulako sorpresa izan zen Igor Enparan alkatearen deia jasotzea. Hasiera batean duela gutxi jaso nuen sari batengatik deitzen zidala uste nuen, hitzaldi bat emateko eskatuko zidalakoan edo. Baina benetako arrazoia zein zen azaldu zidanean txundituta gelditu nintzen. Metroan nindoan eta negarrez hasi nintzen, ezin sinetsi. Niri gertatu ezin zitzaidan zerbait zela uste nuen. Ez nuen espero, baina izugarrizko ilusioa egin dit.
Zein sari jaso duzu berriki bada?
Rosalind Franklin elkarteak ematen duen sari internazionala jaso dut, Gaixotasun Hepatikoen Terapia Genikoaren inguruko ikerketagatik. Franklin ikerlaria Watson eta Crickekin batera lanean aritu zen, eta elkarrekin DNAren estruktura argitu zuten. Zientziarako sekulako ekarpena izan zen DNA nolakoa den jakitea. Horrek gauza asko ahalbidetu ditu. Watson eta Crickek erabili zituzten datuak ematearen arduraduna izan zen Franklin, eta bera anonimotasunean geratu zen bitartean, Watsonek eta Crickek Nobel saria jaso zuten 1962an.
Elkarte honek garrantzitsuak diren ikerketak egiten dituzten mundu osoko emakumeak saritzen ditu. Haatik, emakume ikerlari bezala ilusio handia egiten dit horrek, orain arte emakumeak ahanzturan egon garelako.
Zer nolako urtea izan duzun! Batetik, zientzian prestigio handia duen saria jaso duzu, eta bestetik zure lanari balioa eman dion herri baten aitortza jaso duzu.
Sentsazioak oso ezberdinak dira. Zientzialari bezala edo hondarribiar bezala sari bat jasotzea oso ezberdina da, eta emozio desberdinak sorrarazten dizkit, askoz ere irrazionalagoak. Sari internazionalaren kasuan, nik nire lana egin nuen eta kontsideratu zuten lan horrek sari bat merezi zuela. Baina hau beste zerbait da. Zure herriaren aitortza da. Urte asko daramatzat herritik kanpo nire lan ibilbideagatik, baina Hondarribia nire etxea da. Gainera, Hondarribian beti izan naiz biloba, alaba, ahizpa… eta orain, bat-batean, ni neu izatea oso atsegina da.
Bestetik, ez dakit jendeak berdin pentsatuko duen ala ez, baina nire ustez erabaki honek asko dio herriaz eta hondarribiarrez. Ikerketara dedikatzen den pertsona bat hautatzea sekulakoa iruditzen zait. Are, zeuden gainontzeko hautagaiekin. Arrantzaleen Kofradia herriko arima da, eta ikastolako fundatzaileez zertxobait ahaztu bagara ere, garai haietan mugarri izan ziren.
Gaixotasun arraroen esparruan espezializatu zara. Zertan ari zara lanean une honetan?
Gaixotasun arraroak arraroak dira, horietako bakoitzak oso pertsona gutxiri eragiten diolako, baina guztiak hartuko bagenitu konturatuko ginateke pertsona asko direla kaltetuak. Horien jatorriek, orokorrean, mutazioekin dute zerikusia. Hau da, geneetako mutazioekin. Proteina kopuru zehatzetan defizitak sortzen dituztenak edota zelulen degenerazioa sortzen dituztenak izaten dira. Jatorri genetikoa izaterakoan eta gure zelulen barruan egoterakoan horien tratamendua oso zaila izaten da, DNAn dagoen mutazioa zuzendu behar duzulako. Azken urteotan, pazienteen zelulen barruan DNA sartzeko metodo zientifikoak garatu ditugu, hala, falta zaien proteina adieraz dezaten. Zehazki gibeleko gaixotasunetan espezializatu gara, eta gure lana tratamendu berriak garatzean datza.
Oso lan gogorra izango da, baina aldi berean oso polita. Zer ematen dizu ikerketa zientifikoak?
Beti diot izugarrizko zortea dudala gustatzen zaidana egiteagatik ordainsaria jasotzen dudalako. Zientzia gogorra da, ordu asko igarotzen ditugu lanean, baina aldi berean zoragarria da. Egun guztiak ezberdinak dira, eta egunero ikasten duzu zerbait. Talde lanean jorratzen den lana da, eta kideengandik asko ikasten duzu. Nolabait hazi egiten zara profesional eta pertsona gisa.
Zorionak egiten duzun lanagatik, eta asko disfrutatu bihar.
Asko gozatuko dut, nahiz eta gehiago gozatuko nukeen nire gurasoak hemen egongo balira. Ziur nago ikusten egongo direla. Baina nire familiarekin eta asko maite dudan jendearekin bizituko dut eguna.