Hondarribian egiten ari diren urratsak "positiboki" baloratu ditu Emakundek
Iaz hasitako bideari jarraipena ematea, prozesua zaintzea eta aurrerapauso bakoitza baloratzea garrantzitsua dela adierazi du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak.
Irailaren 8an Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria, eta Josune Irabien, idazkari nagusia, Hondarribia izango direla jakinarazi du Emakundek, Jaizkibel konpainiari babesa emateko.
Egun horri begira, Hondarribian egiten ari diren urratsak “positiboak” direla helarazi du Emakundek, izan ere, aurten lehen aldiz arautzen du Jaizkibelen parte hartzea alkatetza dekretu batek eta ebazpen bakar bat egin da konpainia guztien desfilea antolatzeko. Iaz hasitako prozesu horri jarraipena ematea eta prozesua zaintzea garrantzitsua dela oroitarazi du Elgarrestak, eta zentzu horretan, “lanean jarraitzeko” deia egin du. “Oraindik asko dago egiteko emakumeek eta gizonek festan berdintasunez parte hartzea lortu arte, baina aurrerapauso bakoitza baloratu behar da, zailtasunak zailtasun” esan dute.
Bide horretan udalak eta udal taldeek jokatzen duten “rol garrantzitsua” nabarmendu eta azken urtean eragile ezberdinekin egindako lanaren eta elkarrizketen bidetik, prozesuak aurrera egiten jarraitzea espero du Elgarrestak,”azkenean emakumeek eta gizonek berdintasunean alardean parte hartu ahal izango duten agertoki batera iritsi arte”.