Jaizkibel konpainiaren HBH sariak, hamar urte
2015ean sortu zuten Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria. Irailaren 1ean EAEko Berdintasun Legea eguneratu zuten politikariek jaso zuten.
Hondarribia Berdintasunaren Hiria (HBH) saria hamargarrenez eman zuen Jaizkibel konpainiak iragan igandean (irailak 1) Itsas Etxean egindako ekitaldian. 2015ean izan zen lehenengo sariaren lehen aldia, Jaizkibelek 14 urteko ibilbidea egina zuenean. Une hartan, herritik kanpo, Hondarribia plastiko beltzen hiria bezala ezaguna zen, eta «baztertzaileen mundu horretan» Jaizkibel konpainia bera ere «iluntasunarekin» lotzen zutela kontatu du Jaizkibeleko kide Izaskun Larruskainek. Plastiko, aterki eta kartel beltzen bidez Jaizkibelgo kideak ikustea ekiditea zuten helburu Kale Nagusiko espaloiaren bi aldeetan jartzen ziren festa baztertzailearen aldekoek. Konpainia parekideko kideek Hondarribiaren irudi «kaltegarri» hori aldatu nahi zuten, eta helburu horrekin sortu zuten Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria. «Izan ere, bazegoen beste alde bat herrian, berdintasunaren alde lanean ari zena. Eta hori zabaldu nahi genuen», azaldu du. Hori dela eta, berdintasunaren alde ari diren pertsonak eta taldeak saritzeko egitasmoak bidea hasi zuen.
Hamar urte igaro dira eta ordutik. Herriarekiko irudia aldatu dela baietsi du Larruskainek. «Kontziente gara ez dela aldatu soilik gure sariagatik, herria bera aldatu delako baizik. Jada ez daude plastiko beltzak, badaude mugimenduak emakumearen parte hartzearen alde, Jaizkibel ez dago bakarrik». Arazo nagusia, ordea, bere horretan mantentzen dela deitoratu du hondarribiarrak: «Guk ezin dugu Alardean parte hartu emakumeak garelako». Hondarribiko Jai Nagusietan, beraz, Berdintasun Legeak bete gabe jarraitzen du.
Sari banaketaren hasierako helburua gaindituta, bigarren helburu bati heldu zion sari banaketak: «Toki guztietan» berdintasunaren alde pausoak ematen ari direla ikusaraztea.
Sariaren garrantzia
Urtetik urtera saria pisua hartzen joan da. Lehenengo urteetan jende gutxik ezagutzen zuela eta oihartzun txikia zuela aitortu du Jaizkibelgo kideak. Ekinaren ekinez, baina, saria zegokion pisua hartzen joan zen.
Hasierako urteetan sari emate ekitaldia Alde Zaharreko Kultur Etxean egiten zen. Urte batzuen bueltan, baina, aretoa txiki geratu zitzaien. Haatik, duela pare bat urtetik Itsas Etxean egiten dute ekitaldi nagusi hori. Hortaz gain, sari banaketarako proposamenak jasotzerako orduan ere aldaketa sumatu dute: «Bereziki nabaria da ekainean proposamenak egiteko epea zabaltzen dugunean gero eta proposamen gehiago jasotzen ditugula. Eta azkeneko urteetan ere sumatu dugu sariak jaso dituztenen inguruan ere zabalde handia izan duela sariak». Saria bere espazioa hartzen ari denaren seinale.
Ekainaren hasieran zabaltzen dute proposamenak jasotzeko epea, eta epaimahaikideen esku uzten dute azken erabakia. Epaimahaia Maddalen Iriartek, Garbiñe Biurrunek, Fermin Muguruzak, Arantza Urretabizkaiak eta Nieves Alzak osatzen dute. Azken urteetan, gainera, berritasun gisa, saria jasotzen dutenei hurrengo urtean epaimahaikide izateko aukera luzatzen diete. Aurtengo kasuan, iaz saria jaso zuen Antzuolako Alardeko Juntak parte hartu du egiteko horretan.
Urtero iraileko lehen asteburuan antolatzen dute sari banaketa, eta Jaizkibelen entseguren batekin kointziditu ohi izan du. Aurten lehenengo entseguaren egun berean izan zuten ekitaldia, era horretan, saridunek entsegua bizitzeko esperientzia izan zezaten.
Sariak hamar urte
2015ean Kresala, Irrintzi eta Udaberri taldeek jaso zuten HBH saria. Dantzaren munduan emakumeei beren lekua eman zioten lehenengo taldeak izan ziren. «Hiru kasu hauetan emakumeek beren lekua hartu zuten esparru ezberdinetan eta inongo arazorik gabe. Egin behar zen bezala egin zuten». Lehen ekitaldiaz galdetzerakoan, hura «oso berezia» izan zela kontatu du. «Gure lehenengo aldia zen, eta ilusio pila bat genuen. Oso pozgarria izan zen ikustea Irrintzi zein Udaberri taldeentzako erreferente ginela. Kresala lehenago hasi zen, baina guztiok bagenituen hainbat gauza amankomunean». Edizio hartan eman beharreko pausoez hizketan aritu ziren.
Sarituek, urtero, Jaizkibel konpainiaren ezaugarri den eta urteetako borrokaren ondorioz «aniztasunaren eta inklusioaren» ikur bilakatu den zetazko koloretako zapi bat jasotzen dute oroigarri gisa.
Iragan igandeko ekitaldian, hamargarren urteurrena ospatzeko bideo bat proiektatu ondoren, 2024ko saridunak omendu zituzten. 2022an EAEko berdintasun legea eguneratu zuten Eusko Legebiltzarreko kideak igo ziren oholtzara: Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Oihana Etxebarrieta (EH Bildu), Gloria Sanchez (PSE-EE), Isa Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU) eta Laura Garrido (PP). Berdintasun Legea «oso ondo egina» dagoen legea denez, politikariei hura berritzeko egin zuten lana eskertu zieten. Baina aldi berean, bigarren pausoa, hau da, Hondarribian hori gauzatzea falta dela aldarrikatu zuten.
Ekitaldiaren ondoren, aurtengo lehenengo entsegua egin zuen Jaizkibelek. Ilusio bereziz hartu zituzten txibilitu, danbor eta koloretako zapiak. Aurten, lehen aldiz desfilatuko baitu Jaizkibelek konpainia bezala, eta etzi Gernikako Arbolako belardi barrendik irtengo dira aurreneko aldiz. Arratsaldean, berriz, Zapateroa Kale Nagusitik jaitsiko dute. Lorpen historikoa.
Aurten ere Jaizkibel konpainiak bidea egiten jarraituko du etziko alardean. Azken egunetan asko izan dira irailaren 8ko festaren harira izan diren erabaki, berritasun, iritzi eta ekarpenak. Horiek guztiak bidasoa.hitza.eus webgunean ikus daitezke.