«Hawaiira joatea bat-batean erabaki behar izan nuen»
Kirol diziplina anitzetan trebea dela erakutsi du Estonbak. Piraguan maila gorenean gaztetatik aritu eta emaitza ederrak lortu ondoren, 37 urteko irundarra Hawaiiko Munduko Ironmanera doa 3,8 kilometro igerian, beste 180 bizikletan eta maratoia egitera.
Piraguan urte luzez goi mailan egotetik, kuadratloira salto egin eta Hawaiiko Munduko Ironman Txapelketara sailkatzera iritsi da Borja Estonba irundarra. Hawaiiko Kona hirian egingo da urriaren 26an. Proba bederatzi ordutan bukatzea da irundarraren asmoa.
Bizitzaren parte luze bat igaro duzu piraguan eta besteak beste, Sellako jaitsierako irabazlea izan zinen 2018an. Pixkanaka piragua uzten hasi zinen. Zergatik egin zenuen poliki?
Sellako jaitsiera irabaztea lortu nuenenean nire helburuak bete egin ziren. Entrenamendu maila zein zen jakinda, falta zitzaidan gauza bakarra munduko txapelketa batean domina bat irabaztea izan zen, eta uste dut ez nengoela prest hainbeste emateko piraguaren munduan. Urte askotan bakarrik entrenatu dut, eta motibazioa galduta nuen. Entrenamenduetara errutina bezala joaten ari nintzen, eta errutina horretan sartuta goi mailan lehiatzeko gogoa galdu nuen. Horregatik, pixkanaka-pixkanaka zerbait berria bilatzen hasi nintzen. Piragua ohitura bilakatu zen, eroso nengoen, baina motibaziorik gabe. Azkenean, urtero lehiaketa berberetan nengoen, jende berberarekin, eta gutxi gorabehera banekien nola bukatuko nuen lehiatu baino lehen.
Bakarrik entrenatzen segitu nahi ez zenuela argi zenuen?
Nire mailarik politena 2009 eta 2010 urteen bueltan lortu nuen, oso talde ona genuelako. Garai hartan Donostia Kayak-en nengoen, eta goi mailako kirolari asko elkartu ginen bertan. Entrenamenduetan egunero zegoen lehia. Oso entrenamendu gogorrak ziren, egunero entrenatzen ginen, eta horregatik guztiok lortu genuen maila oso ona. Talde hori desegin zenean eta berriro bakarrik entrenatzera itzuli nintzenean zerbait faltan sumatu nuen. Ez zara berdin zukutzen bakarrik zaudenean edo beste batekin egunero lehian zaudenean.
Azkenean, piragua utzi eta triatloira egin zenuen salto. Tarte horretan beste kirolik probatu al zenuen?
Berez, kuadratloiarekin hasi nintzen. Triatloiaren proba berdinak ditu, baina piragua ere egiten da: igeri, bizikleta, piragua eta korrikaldia dituen formatua da. Pandemia garaian hasi zen dena. Etxean ginen, ezin nuen piraguan ibili, eta etxean nuen gauza bakarra bizikleta eta arrabol bat ziren, baina ez nituen inoiz erabili, berri-berri zeuden. Orduan, horrekin hasi nintzen. Entzuna nuen kuadratloi lehiaketak bazeudela, baina inoiz ez nuen probatu, eta ez nuen buruan probatzea. Bitartean, bizikletarekin ari nintzen, korrika beti egin izan dut entrenamenduak osatzeko, eta banekien nahiko ondo aritzen nintzela. Azkenean, nire buruari esan nion aukera bat emango niola eta 2020an Polonian egin zen Europako Kuadratloiko Sprint Txapelketan hartu nuen parte lehen aldiz. Lehiaketa horretan bigarren sailkatu nintzen eta Hungariara joan nintzen gero. Bertan, bi lehiaketatan hartu nuen parte, kuadratloian han ere, baina hango ura kutsatuta zegoenez ezin izan genuen igeri eta piragua egin. Beraz, duatloiak izan ziren: biak irabazi nituen.
Toledoko Cazalegasen beste bi txapelketa egiten dira, Espainiako Estatuko bakarrak, eta bertan ere izan nintzen. Bidea hori izan zen. Kuadratloian sartuta nengoela geroz eta gehiago gustatzen zitzaidala ohartu nintzen, erronka berri bat nuen aurrean. Piraguan banekien nola lehiatu, baina beste hiru kirolak guztiz berriak ziren niretzat. Erronka berri bat nuen eta bat-batean ohartu nintzen ironman formatua duen lehiaketa bat bukatzea polita izango litzatekeela, eta horri segitu nion.
Kirol batzuk ondo ezagutu arren, orain zorrotzagoa izango zara?
Ume bat bezala nabil, ikasten. Jendearengan ditut begiak jarrita, eta informazioa eskatzen aritzen naiz. Korri egiteak ez dauka misterio handirik, baina bizikletarena mundu oso zehatza da, eta jende asko dabil. Gainera, hemen, Euskal Herrian, jende asko dabil bizikletan eta zale asko daude. Tropeltxo batekin hasi nintzen ibiltzen, eta ikasten hasi nintzen zer zen bizikletaren mundua. Gero, baina, ni bakarrik hasi behar izan nintzen entrenatzen, hutsetik. Ezjakintasun horregatik entrenatzaile batekin hasi nintzen. Ironmana bezalako proba bat bukatu nahi badut benetan kontrolatzen eta benetan jakintza daukan pertsona bat behar nuen. Horregatik, Alex Agirretxerekin jarri nintzen harremanetan, Hawaiin aritutakoa hura ere. Dagoeneko lau urte daramatzat berarekin entrenatzen, eta oso gustura nabil. Hawaiira irits nintekeela esan zidan berak; nik ez nekien Hawaiiko hura zer zen ere. Azkenean arrazoi zuen. Berarekin lanean hasi nintzen eta Hawaiin bukatu dut.
Gasteizen lortu zenuen Hawaiirako txartela. Seigarren izan zinen sailkapen nagusian, eta lehenengoa zure kategorian.
Amateurren 35 eta 40 urte artekoen kategorian aritu nintzen, baina adin talde guztien tartekoen artean seigarren sailkatu nintzen. Denak kanpotarrak ziren, ni izan nintzen lehen euskalduna, baita Espainiako Estatuko lehena ere. Irabazi egin nuen, eta munduko ironmanerako plaza lortu nuen, nire adin tartean lehenengoa izan nintzelako. Ordurako, hiru urte neramatzan entrenatzen.
Oraindik proba egiten ari nintzela ohartu nintzen plaza lortuko nuela. 24 ordu dituzu hara joango zaren ala ez pentsatzeko, Hawaiira joatea bat-batean erabaki behar izan nuen. Sailkatu zarela esaten dizuten momentuan erabaki behar duzu zure plazari eutsiko diozun edo ez. Izen ematea momentuan ordaindu behar duzu, eta plazaren prezioa oso altua da. 12 ordu izan nituen pentsatzeko, nire bikotearekin hitz egiteko. Lo egin gabe egon nintzen tarte horretan, buruari bueltaka.
Urriaren 26an da Hawaiiko ironmana. Prestakuntza lanetan zabiltza?
Jet lagarengatik hara hamar egun lehenago joatea gomendatzen dute, baita zirkuituak ezagutzeko ere. Oso zirkuitu berezia da, Kanarietako Lanzarotekoaren antzekoa, hau da, haizeak batzuetan zakar jotzen du. Lekua ezagutzeko eta burua bertan kokatzeko egun batzuk behar dira. Gainera, festa bat dela esaten dute, eta jendea negarrez hasten dela hasieran. Hori bizi behar dela esaten dute, eta horretarako astebete lehenagotik joan behar dela hara.
Zein da Hawaiirako duzun helburua?
Gasteizko triatloian izan nintzen bigarren urtean bukatzea zen nire asmoa, eta banekienez lehen urtean hirugarren izan nintzela, aurten hobeto egin nahi nuen, batez ere denbora aldetik. Ez nuen bereziki postua hobetu nahi, baina bai denbora. Hawaiira ikastera noa, entrenatu dudan hori guztia ateratzeko gogoekin batez ere.
Oarsotri taldearen parte zara. Etxean ez duzu talderik topatu?
Hasieratik egin nuen bat Oarsotrirekin. Babesa sentitzeko sartu nintzen, oso giro ona dute, gauzak oso ongi egiten dituzte. Irunen ez dago talderik, eta aurrera begira gustatuko litzaidake Irungo lehenengo triatloi taldea sortzea. Daukagun ingurua entrenatzeko oso baliabide onekoa eta polita da.
Babesle bila zabiltza. Zertarako behar duzu babesleen laguntza?
Momentuz, babesle bat lortu dut, Siroko izeneko arropa denda bat. Oso azkar erantzun zioten egin nien eskaerari eta baiezkoa eman zidaten. Babesleak behar ditut, alde batetik, egunerokotasunerako, hau da, entrenamenduetarako-eta, materialean eta elikaduran gastua handia delako. Izan ere, entrenatzeko erabiltzen ditugun elikagaiak, gatz mineralak, gelak… gastu erraldoia suposatzen dute. Bizikletako ia entrenamendu bakoitzaren kostua 30 eurokoa da bakarrik elikaduran. Beste aldetik, bidaiaren gastuak daude. Behintzat, beste lau kiderekin noa eta gastuak partekatuko ditugu: Jon Albizuri, Sergio Dacuña eta Mikel Gomez.
Saiatzen naiz Euskal Herrian lehiatzen, eta gustatuko litzaidake hemengo babesleak Hawaiira eramatea. Ez dut bilatzen multinazional handi batek babestea, baina hemengo enpresak munduaren beste puntara eramatea gustatuko litzaidake.
Zer moduz zabiltza azken entrenamenduekin?
Gasteizko proba eta gero, deskantsatu egin dut. Gorputzak denbora behar du buelta eman eta berriro zu izateko. Hilabete eta erdi daramat entrenatzen, eta nire kasuan, bederatzi orduko proba izatea aurreikusi dut. Orain, lanera itzultzean, kontziliazioarekin hasiko naiz: haur txiki bat dugu etxean eta ez diot denbora kendu nahi. Nire entrenamenduak aurrera aterako ditut, baina lehenengo gauza nire familia da. Ez dut arazorik goizeko lauetan esnatu, eta entrenatzen hasi, etxera itzuli, familiarekin gosaldu, eta gero berriro entrenatzera bueltatzeko. Kalitatezko denbora nahi dut nire familiarekin. Denboraren antolakuntzan nahiko trebea naiz. Denetarako tartea aurkitzen dut, goizeko lauetan jaikita, baina topatzen dut.