Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketara aurkezteko epea hilaren 15ean itxiko da
Iaz 'Amonaren eguzkilorea' lanarengatik jaso zuen Jon Balerdik 'Hondarribia' saria. Satarka olerki lehiaketan Gotzon Plaza izan zen lehen sariduna 'Heroiak' lanaregatik. Saridunekin bildu da Hitza, haien motibazioak eta sorkuntza prozesuak ezagutzeko.
Aurten Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketaren XXIX. edizioa izango da. Lanak aurkezteko epea zabalik da oraindik, hilaren 15ean itxiko da. Egoera baliatuz iragan urteko irabazleekin bildu da HITZA.
Jon Balerdi hondarribiarra lehen aldiz aurkeztu zen iaz Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketara. ‘Hondarribia’ saria jaso zuen Amonaren eguzkilorea lanagatik. Plazak, ordea, bosgarren urtea du. 2023an Satarka olerki lehiaketako lehen saria eskuratu zuen Heroiak lanarengatik. Bata eskarmentu handiko idazlea da, bestea hasi berria. Baina biek ala biek bat egin dute lehiaketara aurkezteko dudetan dagoen norbaiti gomendio bat ematerako orduan: ez dudarik egiteko, ausartzeko eta aurkezteko.
Nolatan aurkeztu zineten lehiaketara?
Jon Balerdi: Irakasle ikasketak egin, eta unibertsitateko azken kurtsoan euskarako minorra egin nuen. Saio horien zati handi batean euskal literatura, literatura klasikoa eta euskal ipuinak landu genituen. Txikitan ez nuen asko irakurri. Betidanik oso pertsona mugitua izan naiz eta asko kostatu izan zait beti esertzea eta liburu bat irakurtzea. Irakurzalea izan ez naizen arren, beti izan dut sortzeko grina hori. Abestiak idazteko, esaldiak apuntatzeko…
Kurtsoko azken urte horretan lan asko egin genituen: ipuinak idatzi eta abar. Halako batean, hainbat ideia eta testu neuzkan mugikorreko karpetatxo batean apuntatuta, eta ipuin bat idaztera animatu nintzen. Ideia horiek orri batean jarri eta lana bidali nuen.
Gotzon Plaza: Duela sei edo zazpi urte hasi nintzen fundamentu pixka batekin idazten. Nire gauzatxoak idazten nituen. Halako batean egunkari batean ikusi nuen lehiaketa bat, eta hortik aurrera hasi nintzen lehiaketetara aurkezten. Euskal Herriko ipuin eta olerki lehiaketak bilatu nituen ondoren, eta horietara aurkezten hasi nintzen. Horietako bat Hondarribikoa zen.
Jon, zure kasuan, nola izan zenuen lehiaketaren berri?
Balerdi: Hondarribiko Udalaren sare sozialetan ikusi nuen Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketara aurkezteko epea zabalik zegoela, eta animatu nintzen.
Nolakoa izan da zuen sorkuntza prozesua? Eta zeri buruzko lanak aurkeztu zenituzten?
Balerdi: Sortzea, orokorrean, barruan duzun hori nonbaiten irudikatzea eta azaleratzea dela uste dut. Izan kanta batean, idazten edo kritika bat egiteko.
Duela gutxi garai txar bat pasa nuen, eta hortik atera nuen ipuin lehiaketara aurkeztu nuen gaia: beldurra sentitzearena. Ez da zehazki aipatzen ipuinean, baina ama galdu duen ume bat da protagonista. Ordutik zenbait beldur ditu ez diotenak uzten bere bizitza normaltasunez bizitzen. Beldur horiek gainditzean datza ipuina.
Plaza: Idazle batzuk esaten dute ipurdiarekin idazten dela. Hau da, aulkian eseri, ipurdia ondo mantendu, eta orri zuria edo ordenagailua aurrean duzularik idazten dela.. Metodo bat da hori. Inspirazioa etortzean idazten duzu. Baina bada askoz ere metodikoagoa den jendea. Gai bat pentsatu eta horren gainean biraka hasten dena.
Ni neu metodikoagoa naiz. Ideia bat izaten dut eta horren gainean narratiba bat pentsatzen dut: pertsonaiak, egoera zein den, argudioak, estruktura, noiz edo non gertatzen den… eta olerkiarekin antzera. Gai bat aukeratzen dut, eta ondoren, hitz gako batzuk bilatzen ditut, niretzat garrantzitsuak direnak. Gero, horren gainean bueltak eta bueltak ematen ditut.
Ni gizonezkoa naiz, baina jarri nintzen emakumezko baten azalean edo espirituan. Emakume horrek takoiak zeuzkan, eta zapatekin sortzen zituen hotsak: kalean, lanera joatean… ezberdinak diren. Emakumearen egoera mentalaz hausnartzen hasi nintzen.
Idazteko denbora asko behar izan al zenuen?
Balerdi: Idazteko ez, egia esan. Behin ideia garbi nuela idazten jarri nintzen eta nahiko azkar egin nuen. Ez da ipuin luzea. Lan handiena errepasatzea izan zen niretzat. Egun batzuetako lana izan zen.
Zer pentsatu zenuten saria irabazi zenutela esan zizutenean?
Balerdi: Hasteko, kristoren sorpresa izan zen. Egia esan ez nintzen lehiaketaz gogoratzen ere. Irailaren hasieran bidaltzen duzu lana, eta saria abenduan ematen dute. Pentsatu nuen agian beste norbaiti emango ziotela. Alde horretatik sorpresa izan zen, eta pozik, oso pozik jarri nintzen.
Plaza: Poza. Poz intimoa sentitu nuen. Alde batetik oso lotsatia naiz, eta beste aldetik, ez. Orduan, sari bat ematen dizutenean pozten zara zure lana norbaiti gustatu zaiolako edo zerbait berezia ikusi duelako. Horrek harrotasuna ematen du. Baina beste alde batetik lotsa sentitzen dut. Nire lana norbaitek irakurri duelako. Baina horretarako idazten dut.
Azkenik, zein gomendio emango zeniokete aurkezteko dudetan dagoen norbaiti?
Balerdi: Ausartzeko esango nioke. Askotan lotsagatik ez ditugu gauzak egiten. Lehiaketa anonimoa da. Orduan, alde horretatik, ez izan lotsarik. Nahiz eta zuk pentsatu barregarri geratuko zarela, ez, ez kezkatu; ez du inork jakingo zuk idatzi duzula. Eta ausartzeko, oso polita da.
Askotan gauzak erdizka uzten ditugu pentsatzen duelako ez duela ezertarako balio izango, baina gero halako oparia jasotzen duzunean bueltan, niri gertatu zaidan bezala, horrek asko betetzen du. Eta bide horretatik jarraitzeko gogoa pizten du.
Plaza: Ez izateko dudarik, aurkezteko, batez ere gaztea bada. Lana bidal dezala. Eta esaten badu: “Baina, nire lana ez da perfektua…”. Esango nioke ez dagoela lan perfekturik. Idatzi zerbait, nahi duzuna. Eta bihotzez idazten duzuna, tripetatik ateratzen zaizuna, izan olerkia edo ipuina, bidali. Horrekin asko ikasiko duzu.