Astelehenean irekiko da CBAko tailerretan izena emateko epea
Hamabost proposamen inguruk osatzen dute ikasturte berriko eskaintza. Hilaren 20a da izena emateko azken eguna.
Astelehenean (hilak 9) irekiko da 2024-2025 kurtsoko Carlos Blanco Aginaga (CBA) liburutegiko tailerretan izena emateko epea. Inskripzioak hilaren 20an itxiko dira, eta aurrez aurre edo online egin daitezke. Aurrez aurreko hautua egiten dutenek CBAra joan beharko dute astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara edo larunbatetan 09:00etatik 13:00etara. Online egiten dutenek, aldiz, udal webgunea baliatu beharko dute.
Hamabost proposamen inguruk osatzen dute ikasturte berriko eskaintza. Horien artean daude irakurketa kluba, idazketa sortzaileko tailerra edo poesia solasaldia. Proposamen berriagoak ere bildu dituzte, hala nola, bideo tailerra. Iaz arrakasta izan ondoren, aurten berriro ere sartu dute liburutegiko tailerren eskaintzan.