Hiri garbiketarako dispositibo berezia ezarriko dute jaietan
Irailaren 1etik 12ra giza baliabideak eta teknikoak indartuko dituzte: 85 langile berri eta 14 gune berezi ezarriko dituzte.
Txingudiko Zerbitzuakek Hondarribiko Udalarekin batera hiri garbiketarako eta hondakinak biltzeko zerbitzu berezia antolatu du. Irailaren 1etik 12ra giza baliabideak eta teknikoak indartuko dituztela azaldu dute Leire Zubitur Txingudi Zerbitzuakeko gerenteak eta Ortzi Alonso alkateordeak.
Alde batetik, jaietako beharrei erantzuteko 85 langile kontratatuko dituzte. Horretarako 15.396 euroko inbertsioa egin dute, hau da, ohiko kostua baino %67 gehiago. Lan egiteko modua ere jaiei begirakoa izango da. Garbiketa brigadak aurreko eguneko orduetan jende gehien biltzen den eremuak garbituko ditu lehenengo eta irlatxoen hustuketaren maiztasuna handitu egingo dute.
Beste aldetik, 14 gune estrategiko identifikatu eta horietan gaikako bilketarako gune bereziak ezarriko dituzte: 2 Butroi pasealekuan, 4 San Pedro kalean, 2 Arma Plazan, 1 Kasino Zaharrean, 2 azoka esparruan, 1 Zezen Plazan, eta 2 Jostaldi Pilotalekuan. Gainera, txosna bakoitzari 120 litroko hiru edukiontzi banatuko dizkiete: organikoa, ontzi arinak eta beirakoa. Eta txosnagunetik gertu beirako hiru iglu eta kartoizko ontzietarako edukiontzi handiak ezarri dituzte. Txosnaguneko materia organikoa egunero jasoko dute.
Hiria garbi mantentzeko herritarrak ezinbestekoak direla adierazi du Leire Zubiturrek eta horretarako gakoa zein den esan du: hondakinen sorrera ahalik eta gehien murriztea. Aldi berean, herritarrei “errespetuz jokatzeko eta birtziklatzeko” eskatu die.
Edalontzi berrerabilgarriak
Erabilera bakarreko edalontzien erabilera murrizteko txosna bakoitzari 3.000 edalontzi berrerabilgarri banatuko dizkie Txingudiko Zerbitzuakek, guztira 18.000 izango dira. Erabiltzeko sistema ohikoa izango da: edalontziak euro bateko kostua izango dute eta nahi haina erabili ondoren, txosnara itzuli ezkero euroa bueltan izango dute.
Jaiak bukatutakoan Txingudiko Zerbitzuakek bere gain hartuko ditu edalontzi horiek eta enpresa espezializatu baten bidez garbitu egingo dituzte berriz erabiltzeko. Neurri horren arrakastaren gakoa herritarren lankidetzan dagoela gogorarazi du Zubiturrek. Zentzu horretan herritar orori beren “aletxoa” jartzera gonbidatu die.
Ortzi Alonsok, bere aldetik, Txingudiko Zerbitzuakekin izandako elkarlana balioan jarri eta udal langile zein teknikarien lana goraipatu du. Amaitzeko, herritarrei jai giroan elkarlanean aritzeko, kaleak ahalik eta txukunen mantentzeko eta bestelako instalazioak, komun publikoak besteak beste, modu egokian erabiltzeko deia egin du.