Jaizkibel konpainiaren Gernikako Arbolako kokalekua eta ibilbidea aldatu dituzte
Udaltzainburuak eginiko txosten baten harira, bi dekretu berri sinatu behar izan zituen alkateak atzo. Ikus aldaketak.
Iaz irailaren 8a keinuen urtea izan zen; izan ere, lehen aldiz egin zion harrera herriko agintari nagusiak Jaizkibel konpainiari. Aurten, berriz, administrazioaren urtea izango zela esan zuen alkateak. Eta hala izan da. Jaizkibelek konpainia bezala desfilatuko du aurreneko aldiz, eta espazio berriak bereganatu ditu.
Azken asteetan, ordea, ika-mika handia sortu dute alkateak sinatu dituen dekretuek. Atzo, adibidez bi dekretu berri ebatzi behar izan zituen, orain arteko erabakietan aldaketa batzuk eginez.
Alardearen egunean, goizeko lehen orduan kointzidituko dute Gernikako Arbolan HAOSEk antolatzen duen desfileak eta konpainia parekideak. Hasiera batean aurreikusita zegoenaren aldean, udaltzainburuak plazaratutako txosten baten ondorioz, kokapenak aldatu zituzten atzo. Dekretuan jakinarazten denez, Jaizkibel konpainiako kideek Gernikako Arbolako zuhaiztiaren hasieran kokatu beharko dute, eta konpainien artean “zuhurtziazko distantzia” errespetatu beharko dute. Banaketa horren aurrean, zuhaitzen ilaratik Jaizkibelgo lagunak agurtzera animatu dituzte Guztion Alardeko kideek.
Bestetik, arratsaldean Zapateroa Kale Nagusian egin ondoren, Etxenagusia Margolariaren kaletik irten behar zuen konpainiak. Udaltzaingoaren arrisku-ebaluazio txostenaren ondoren, Murru kalera lekualdatu dute ibilbidea. Txostenak zioenez, 2,5 metroko zabalera duen kale batean 1.400 pertsona 30 minutuko aldian sartzea “arriskutsua” zen. Murru kaleak 4 metroko zabalera du.
Jaizkibel konpainiaren ibilbidea
Irailaren 8an goizeko 07:45ean gerturatuko da Jaizkibel konpainia Gernikako Arbolara eta hamabost minuturen ondoren hasiko du martxa. Ibilbide osoa burutu ondoren, 09:00ak aldera, Sanduara helduko dira konpainia parekideko kideak. Ondoren, Guadalupera igoko dira, eta 10:00etatik 11:00etara desfilatuko dute bertan.
Arratsaldean 17:10ean abiatuko da segizioa Saindua Ermitatik. Portutik igarota Arma Plazarantz joango dira Kale Nagusitik barrena. Deskarga egin ondoren, 18:15ean aurreneko aldiz Kale Nagusitik behera egingo dute Zapateroa.