Itzulera operazioaren poliziaren operazioaren balantzea egin dute
Hamar egunez egon da aktibatuta operazioa eta hartutako neurriak "oso positiboak" direla eta helburuak bete direla baloratu dute.
Abuztuko ibilgailuen itzulera operazioaren testuinguruko poliziaren operazioaren balantzea egin dute gaur udalean Sergio Javier Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkariak, Cristina Laborda alkatearekin batera. Udaleko arduradunen esanetan, hartutako neurriak “oso positiboak” izan dira eta 2022an izandako trafiko kolapsoaren ondorioak “arindu” dituzte.
Udaltzaingoak “lan handia” egin duela azaldu du alkateak eta gainerako administrazio eskudunekin izandako koordinazioa nabarmendu du.Udaltzainak Ertzaintzarekin, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzarekin eta Bidegirekin aritu dira elkarlanean.
Hamar egunez aktibo egon den plana izan da, abuztuko bigarren hamabostaldian, Biriatuko eta Kateako ordainlekuen artean. Egunero, hamabost agente aritu dira horretan lanean, eta funtsezkoa izan zaen haiek hiriko sarrerak ixten egotea, zirkulazioa bideratzeko eta lehentasuna Irun aldera zetozen ibilgailuei emateko.
Udaltzainez gain, baliabide pertsonal eta material asko mobilizatu zituzten, hala nola, Kultura Arloko Ekitaldietako Brigada, mantentze lanetako langileak eta Udaltzaingoko laguntzaile bat. Agenteek guztira 384 ordu egin zituzten lan, eta egin zituzten aparteko orduen kostua 37.000 eurokoa izan da. Baliabide materialei dagokienez, 103 hesi banatu zituzten eta ibilgailuak desbideratzeko edo sarrera debekatzeko 81 kartel jarri.
Halaber, herritarren “pazientzia eta ulertzeko gaitasuna” eskertu ditu alkateak. “Udalaren kudeaketa gainditzen duen egoera bat da. Ez dugu eskumenik mugen kudeaketan ez eta Europa iparralderantz doazen ibilgailuen fluxuan, baina udaltzainen lan handiari esker, finkatutako helburua bete dugu” bukatu du.