Hondarribiko EH Bildu: "Urratsez urrats berdintasunerantz"
Irailaren 8a gerturatzen ari den honetan Hondarribiko EH Bilduk aurten izango duen jarrera argitu nahi izan du ohar baten bidez.
Abotsanitzek alkatetza eskuratu zuenetik bigarren jaiak izango dira aurtengoak, eta lehenengoak EH Bildu gobernukide denetik. Iaz lehenengo keinuak egin zituzten (udalak lehen aldiz egin zion harrera ofiziala Jaizkibel konpainiari), eta aurten, “udalak irailak 8ko eguna antolatzeko duen legitimitatea ikustarazteko” pauso berriak eman ditu: lehen aldiz konpainia gisa aitortu eta alardeari dagozkion espazioak hartzea ahalbidetu dio Jaizkibeli. “Atzera bueltarik gabeko pausoak alarde publiko, parekide eta bakarrerantz. Urratsez urrats berdintasunerantz”.
Zentzu horretan, bilkideek jakinarazi dutenez, irailaren 8an “normalizaziorako eta berdintasunerako bidean ematen ari diren aldaketak” babesteko, udal taldeko zinegotziek elizako eskaileretan egingo diote harrera ofiziala Jaizkibel konpainiari, iaz egin bezala. Ez ordea HAOSek antolatutako alarde pribatuari. Hori egitea “matxismoa zuritzea” litzatekeelako.
Gainera, aurreko urteetan egin bezala, udaletxeko arkupeetan “harrera gunea” ahalbidetuko dutela adierazi dute. Bertan, EH Bilduko, Jaizkibel babestu nahi duten gainontzeko talde politikoko zein mugimendu feministako ordezkariak izango dira.
Halaber, aurten urrats berri bat emango dutela jakinarazi dute: “Konponbidearen aldeko zantzuen ondorioz gure zinegotziek Guadalupeko elizan egiten den botoan parte hartuko dute”. Honakoa programa ofizialean alardearekin lotuta agertzen den ekintza bakarra da.
Arratsaldean Zapateroa Kale Nagusitik jaisten den bitartean bilkideek udaletxeko balkoitik ospatuko dute festa, “momentu historikoa beraiekin batera bizitzeko”.
Azkenik, aurten herriko talde politikoek adierazpen instituzional bateratua adosteko gaitasunik izan ez dutela deitoratu dute oharrean. 2018 ezkero lehen aldia da alkateak bere adierazpen propioa egin behar izan duena.