Osasun sailburu berriarekin elkartu da Cristina Laborda
Irungo lehen arreta hobetzearen beharra helarazi dio, eta Oinaurreko anbulatorioa eraikitzeko eremua prest dagoela gogoratu dio.
Eusko Jaurlaritzak Osasun Sailburu berria dauka, Alberto Martinez eta harekin bildu dira Cristina Laborda alkatea eta Nuria Alzaga lehen alkateordea. Bilera “lasaia” izan dela baloratu du alkateak eta etapa berri bat hasi dela uste du, “modu berriak eta konponbide berriak” ekarriko dituena.
Osasun alorrean akordio berriak eratzeko “aukera” dagoela uste du ere Labordak, eta elkarrizketaren eta adostasunaren bidez soilik lortuko dutela hori argi du alkateak.
Bilera horretan, urte askotatik “aurkeztu eta defendatu” dituzten eskaerak eta konponbiderako proposamenak helarazi zizkioten sailburuari. Plan Estrategikoak lehen mailako arretaren hobekuntza jaso behar du eta hori dela “gehien kezkatzen” dion gaia azaldu du Labordak. Bestetik, Oinaurren anbulatorio berri bat eraikitzea “lehentasunezkoa” da.
Oinaurreko erietxearen alorrean, “adostasun zabala” dagoela defendatu du alkateak eta “bihar bertan” eraikitzen hasteko prest dagoen eremua dela eta beste inon gertatzen ez den faktore bat gaineratu du. Irungo etorkizuneko hirugarren anbulatorioak osasunari lotutako arazoei “modu ezin bizkor eta eraginkor batean” erantzungo lioke. “Bestela, geroz eta gehiago luzatu, orduan eta okerrago egongo gara” deitoratu dute.
Alkatea prest dago Oinaurreko anbulatorioarekin batera osasun laguntza hobetzen lagunduko duten beste planteamendu berri batzuk ere aztertzeko. Dena den, proiektuak “epe laburrean” egikaritzekoak behar dutela izan uste du alkateak, arazoa ezin delako “betikotu” eta herritarrek “erantzun erreal eta eraginkor bat” behar dutelako.