Arkeologia eta historia ikastaro berri bat, Oiasso museoan
Mundu greko erromatarrak Europako XVI. mendeko kulturan izan zuen eragina aztertuko dute. Hamabi saioak, irailaren 30etik 19ra izango dira.
Irailaren 30etik abenduaren 19ra bitartean, mundu greko erromatarrak Europako XVI. mendeko kulturan izan zuen eragina aztertzeko ikastaro berri bat jarriko dute martxan Oiasso museoan. Ikastaroaren izena, Mundu klasikotik Errenazimentura: Europako kulturaren berpizkundea eta esplorazioen aroa da.
Lau txandatan bereizita egongo da ikastaroa: astelehenetan, gaztelaniaz, 10:30etik 11:30era, eta euskaraz, 12:00etatik 13:00etara; astearteetan, 18:00etatik 19:00etara; eta ostegunetan, 11:00etatik 12.00etara.
Hamabi saio izango dira txanda bakoitzean, eta bakoitzaren iraupena ordubetekoa izango da. Irakaslea Beñat Egiluz Miranda izanen da, Arkeologiako eta Historiako doktoregoa, Trinity Saint David Galesko Unibertsitatean, eta Oiasso museoko jardueren arduraduna.
Ikastaroaren prezioa 75 eurokoa da eta klaseaz gain, informazio baliagarria ematen duen dosier bat, klase bakoitzaren ondorengo gomendio batzuk eta ikastaro bukaerako laburpen zabal bat hartzen dira barnean. Izena emateko 943 639 353 telefonora deitu behar da edota museora gerturatu.
Ikastaroa
Mundu greko-erromatarrak Europako XVI. mendeko kulturan izan zuen eragina aztertuko dute, Errenazimentuko gai nagusietako batzuen bidez, ikuspuntu historikotik, itsas arkeologiaren eta arkeologia klasikoaren ikuspuntutik eta diziplinarteko beste ikuspuntu batzuetatik.
Artea eta arkitektura, gatazka politiko eta filosofikoak, europarren hedapena eta esplorazioak Asian eta Ipar eta Hego Amerikan, eta ontzigintzaren garrantzia: besteak beste, gai horiek landuko dituzte ikasleek.