"Aurtengo jaietan giro partehartzailerantz eta errespetuzkorantz aurrera egitea" eskatu du alkateak
Alkatetzaren helburua jaiak eta batez ere irailaren 8a "soseguz eta lasaitasunean" bizitzea dela adierazi eta abuztuaren 22an sinatutako bi dekretuen zehaztasunak eman ditu.
Hondarribiko Jai Nagusiak hasi baino egun batzuk lehenago, Igor Enparan alkateak adierazpenak egin ditu. Alkatetzaren helburua jaiak, eta batez ere irailaren 8a, “soseguz eta lasaitasunean” bizitzea dela adierazi eta abuztuaren 22an sinatutako 2024/2329 eta 2024/2337 dekretuen zehaztasunak eman ditu.
“Hondarribiko Alardeko Jaizkibel Konpainiak eta Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak leku eta ordutegi berak eskatzen zituzten eta elkarrizketa saiakera askoren ostean ikusi dugu momentu honetan eragileen arteko akordioa ez dela posible. Lanketa prozesuaren eta erakunde bezala dugun eskumenaren emaitza dira 2024/2329 eta 2024/2337 dekretuak”. Alkateak baietsi duenez, bi dekretuek bateragarri egiten dituzte ekimenak.
Gaur bertan, ordea, Udaltzaingoaren arrisku-balorazio txostena jaso dute, eta haren harira 2024/2337 dekretua osatzen duten 2024/2440 eta 2024/2449 dekretuak sinatu ditu. Lehendabizikoan Jaizkibel Konpainiak Gernikako Arbolaren zuhaiztiaren hasieran kokatu behar duela ebatzi du “zuhurtziazko distantzia” batekin, eta bigarrenean, Kale Nagusia jaitsi ondoren, Jaizkibel Konpainiak Etxenagusia Margolariaren kaletik irten beharrean Murru kaletik irten beharko duela.
Espazio publikoaren erabileraren banaketa “ahalik eta modu egokienean” egiteko saiakera zintzoa egin duela adierazi du alkateak. Eta etorkizunean “zuzenagoak izan daitezkeen formula objektiboak finkatzeko saiakera” egingo dutela.
Azkenik, urte guztian eginiko lanaren ondoren, jaietan giro partehartzailerantz eta errespetuzkorantz aurrera egitea eskatu du alkateak, “jai egun alaiak, sosegatuak eta partehartzaileak” bermatuz.