Alarde "publiko, parekide eta bakarra" aldarrikatu du Abotsanitzek
"Itopuntutik ateratzeko" elkarrizketan, zubiak eraikitzen eta ezberdinen arteko espazioak sortzeko lanean dabilela adierazi du alderdiak.
Alarde “publiko, parekide eta bakarra” aldarrikatu du Abotsanitzen Herri Batzarrak. Alarde bakarrean emakumeen parte hartzea aldarrikatzen duten ahotsak “gehiengo” direla adierazi du alderdi politikoak, “errealitatea da”. Aldarrikapen hori azken urteetan posizio eta eragile nahiz herritar askoren ahotsetik mamitu dela adierazi du: “Bide honetan herritarrak soluzioaren aldeko eta berdintasunaren aldeko agente bihurtu dira”. Horren adibide bezala jarri dituzte Guztion Alardearen lana, Saindua proposamena, edo herritar foroaren ekarpena. “Argi dago n0rmalizazioa ez dela egun batetik bestera ematen. Aurtengo pausoak bide horretan doazen pauso xume bezain garrantzitsuak direla deritzogu, hondarribiarron senidetzearen bidean”.
Alardearen gatazkak 28 urtean hondarribiarrak “zeharkatu eta eraldatu” dituela adierazi du alderdiak, eta emakumeek partaidetzaren aldekotasun nabarmena horren seinale dela esan du: “Denak ez gara helmugara aldi berean eta bide beretik iristen. “Denborak, bizitako gatazka eta tentsioek, gu guztiok eraldatu gaitu; ez gara duela 28 urte ginen pertsonak. Prozesuan argi ikusi dugu bi alardeen aukerak herria zatituta mantenduko duela eta batzuek ez dutela inoiz beraien konfort eremutik mugitzeko beharrik izango. Horregatik, gure adierazpenetan argi aldarrikatzen dugu alarde publiko, parekide eta bakarra. Helburu hori lortzeko ezinbestekoa da sexu-genero sistema iraultzen hastea”.
Abotsanitzek jakinarazi du alardearen gatazkaren “itopuntutik ateratzeko” elkarrizketan, zubiak eraikitzen eta ezberdinen arteko espazioak sortzeko lanean dabilela. Hala, herritarrak soluzioaren erdigune direla berresteaz gain, gaiaren gainean egindako adierazpenak, ekarpenak eta udalari zuzendutako eskaerak balioan jarri dituzte. Horren harira, babes osoa adierazi dio alderdiaren herri batzarrak Igor Enparan alkateari: “Bere hitzak gure egin nahi ditugu. Bidea ilun ikusten bada ere, amildegi handia bada ere argitasuna bilatzen jarraituko dugu lanean“.
2005eko Berdintasun Legea
2005ean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Berdintasun Legea. Lege horren gaineko irizpenak herrian ez aplikatu izana deitoratu du alderdiak. “Zoritxarrez, 2005an Berdintasun legea onartu zenetik gaurdaino Hondarribiko udalak ez ditu baliabideak jarri, ez berdintasun politikak garatu eta 19 urte pasa dira ekintza positiboak martxan jarri gabe. Aurten, urte luzeetan eman ez diren urratsak ematen ari dira konponbidearen alde baina batzuek gatazkarekin amaitu baino gatazka denboran betikotu nahi dutela dirudi, belaunaldi berriei beraien etorkizuneko festak giro baketsu eta zoriontsuan igarotzea ukatuz, frustrazioa elikatuz, urteetako motxilari pisu gehiago sartuz. Hondarribiarrok ez dugu merezi. Hondarribiarrok zoriontsuak izatea merezi dugu”.
Abotsanitzek 2015ean egin zuen alardearen gaineko lehen hausnarketa. Bertan jasotakoaren zati bat gogorarazi nahi izan du alderdiak: “Gizonena soilik izan den herriko jai egun bateko ekintza zehatz batean emakumeen partaidetza nola txertatu aztertzea eta asmatzea da bidea. Honek denbora iraungo du, heziketa eta normalizazioa baititu bidelagun”. Adierazpen horretan, besteak beste, elkarte bat ondare komun baten jabe egin zela adierazi zuen alderdiak, hori salatuz. “Honen aurrean, behar dena da elkarrekin gauzak egin nahi izatea. Norberaren ideiak edo asmoak baino handiagoa den zerbaiten alde, besteen lana balioan jarri eta aurrera egiteko pausuak emanez. Alardea, garai batean, herriaren batasunaren sinbolo izan zen. Itzuli diezaiogun dizdira hori”.