"Aurten Hondarribiko EAJ Jaizkibelekin izango da"
Hondarribiko EAJk ahalik eta gehien gozatzeko eskatu die herritarrei, beti ere, "errespetutik abiatuta eta desberdin pentsatu eta sentitu arren, elkarrekin bizitzeko helburuarekin".
2024ko irailaren 8an Jaizkibel konpainiak lehen aldiz udal baimenarekin desfilatuko du, eta egun horretan, Hondarribiko EAJko kideak ere Jaizkibelekin izango direla eta harrera egingo dietela adierazi dute: “Gure alderdiak beti adierazi du Jaizkibelek udala onartu eta legitimatzen zuen egunean, egun horretan EAJ taldeak ere harrera egingo ziela. Hori dela eta, aurten Hondarribiko EAJ Jaizkibelekin izango da”.
Hala ere, irailaren 8an desfilea egiteko emandako baimenei dagokienez kritiko mintzatu dira. Gobernu taldeari komunikazio “argi eta gardenik” egin ez izana eta “erabaki desegokiak” hartu izana leporatu diote. Izan ere, jeltzaleen ustez, alkateak sinatutako dekretuak ez ditu jaiez gozatzeko oinarriak diren “errespetua, elkarrekiko aitorpena eta bizikidetza” errespetatu. Horregatik, “bizikidetzaren eta segurtasunaren printzipioei” erantzungo dien dekretu bat eskatu dute.
Segurtasunari tiraka, irailaren 8ko arratsaldeko egoerarekin kezkatuta agertu dira jeltzaleak. Jaizkibel konpainiak aurreneko aldiz jaitsiko du Kale Nagusia. Zapateroa bertan egingo dute eta Etxenagusia Margolariaren kaletik irtengo dira. Momentu horretan zehazki “segurtasun arazoak” sor daitezkeela uste dute, “leku falta” dagoela iritzita. Horren aurrean, alkateari hartutako erabakia hausnartzeko eskatu diote, eta “zuzentzeko prest ez badago” Segurtasun Sailaren laguntza beharrezkoa izango dela uste dute.
Halaber, udal taldeak 1639an udalbatzak Sainduako ermitara prozesioan joateko hartutako konpromisoa beteko dutela jakinarazi, eta ondoren, Guadalupeko botoa betetzera joango direla berretsi dute. Azkenik, jaiez “ahalik eta gehien gozatzeko” eskatu diete herritarrei, beti ere, “errespetutik abiatuta eta desberdin pentsatu eta sentitu arren, elkarrekin bizitzeko helburuarekin”.