BATeko Carla Arwen Martinez eta Joaquin Alonso, bikain Perun
20 urtez azpikoen atletismoko Munduko Txapelketan izan dira Bidasoa Atletismo Taldeko bi kirolariak, Liman.
Bidasoa Atletismo Taldeko (BAT) Carla Arwen Martinez eta Joaquin Alonso atletismoko 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketan izan dira lehian Perun. Maila handiko lehia horretan emaitza bikainak lortu dituzte biek ala biek. Pozik da BAT harrobiko kirolariekin. “Lan ikusgarria egin dute. Guretzat mugarri historikoa izan da munduko lehia batean bi taldekide izatea”. Bereziki Alonsok egindakoa nabarmendu du BATek: munduko seigarren izan da hesien 400 metroko proban. Martinez. bere aldetik, 100 metrokoan eta 4x100ekoan izan zen parte hartzen: ez zen finaletan sartu.
Alonsok erraz gainditu zuen hesien 400 metroko final-laurdenetako kortea, 52 segundo eta 47 ehunenekoko denborarekin. Finalerdietan mark hori bi segundo pasatxotan gainditu zuen (50.22), eta finalera sailkatzeko txartela eskuratu zuen. Finalean seigarren izan zen 51.00ko markarekin. “Joaquinek egin duen sasoi bukaera azaltzeko adjektiboak topatzea zaila egiten zaigu. Dena du irabazteko aurretik”, esan du BATek. Kimu Mailan hasi zen BATen Alonso, Talaiako ikasle zela. “Ordutik kategorietan aurrera egin, eta atletismoan federatzera iritsi da. Gure gizonen taldearen oinarrietako bat da egun”. Mikel Sanchez da haren entrenatzailea.
Martinezek ez zuen zoria aldeko izan Perun. 100 metroetako final-laurdenetako kanporaketan gelditu zen lehiatik at. 4×100 erreleboetakoan, berriz, lehen kanporaketa ere ez zuen gainditzerik izan 17 urteko gazteak, bere taldekide batzuek bezala elikadura intoxikazioa jasan zuelako, eta ahul iritsi zelako lehia horretara. Beraz, irundarra eta bere beste hiru taldekideak (Ericka Badeau, Ivana Peralta eta Jazmin Romeu) esku hutsik atera ziren Limako estadiotik. “Sasoi zoragarria egin du Martinezek. Iaz iritsi zen taldera. Baina hain tarte txikian bizipen asko izan ditu, tartean Peruko mundukoa. Aurten behetik gorako bidea egin du, markak hausten joan da mundukorako txartela bere egin arte”, zehaztu dute BATetik: “Dena du aurretik”.