Kiroldegietako ikastaroetan izen ematea, hilaren 9tik aurrera
Haurrentzako igeriketa ikastaroak edota helduentzako beste hamaiketan izen emateko epea da. Bestalde, mantenu lanengatik partzialki itxita daude kiroldegiak egun hauetan.
Azken Portu eta Artalekuko kiroldegietako denboraldi berria hastear da. Hilaren 9tik aurrera, haurrentzako igeriketa ikastaroetarako nahiz helduentzako ikastaroetan izena emateko epea zabalduko da. Haurren ikastaroetarako, 08:00etan irekiko dute, eta gainontzeko ikastaroetarako 08:30ean ekingo diote matrikulazioei. Abonatuak ez direnek, berriz, hilaren 12ko 08:00ak arte itxaron beharko dute.
Lau kategoriatan bereizi dituzten izen emateak. Batetik, 16 urtetik gorakoen ikastaroena; 3 eta 15 urte bitartekoentzako igeriketa ikastaroak beste alde batetik; hirugarrenik, 12 eta 15 urte bitartekoentzako ikastaroena; eta azkenik, jaioberriena, gutxienez sei hilabete dituztenena.
Izena emateko, ikastaro bakoitzaren atalera jo beharko dute udal orrialdean, eta abonatuen BPXport enpresaren aplikazioaren bidez egin beharko dute. Kiroldegietako harreran ere ahalko da egin.
Izena ematen dutenek ikastaroa hasi baino bi lanegun lehenago konfirmatuko diete eskatu duten ikastaroan onartu zaien ala ez. Behin betiko zerrendak kiroldegietako harrera gelan eta udalaren webgunean argitaratuko dituzte.
Kiroldegiak, aldi batez itxita
Bi kiroldegiak garbitu eta mantenu lanak egin ahal izateko, itxi egingo dituzte partzialki. Hartara, kiroldegietako espazio bakoitzak ordutegi berezia izango du eta horiek udalaren orrialdean kontsulta daitezke.