Hondarribia, bosgarren Kontxako lehen igandean
'Ama Guadalupekoa' lehen txandan irtengo da bigarren jardunaldian. Garaipena urrun dute, lehen postuan den Urdaibaitik 27 segundora baitaude.
Arraunaren festa handia hasi da. Hemen da Kontxako Bandera. Oarso-Bidasoak bi ordezkarirekin ekin dio lehen jardunaldiari. Emakumeetan Hibaika izan da Donostiako badian, eta gizonetan, Hondarribia. Ohi bezala, traineru guztien zaleek kolorez eta giro onez bete dituzte Donostiako kaleak, festa giroa nabarmena izan da.
Denboraldiko emaitzak kontuan hartuta, ez da sorpresarik izan lehen jardunaldi honetan. Emakumeetan ligan nagusi izan den Arraun Lagunak nabarmen gailendu da. Donostiarrek 9 segundo atera dizkiote bigarren den Oriori eta 12 hirugarren den Tolosaldeari. Arraun Lagunak-ek dena alde du bigarren urtez jarraian Kontxa bere egiteko.
Hibaikari dagokionean, Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Donostiarrarekin itsasoratu da bigarren txandan, eta azken postuan helmugaratu da garailetik 33 segundora. Sailkapena kontuan hartuta, oreretarrak zazpigarren postuan kokatu dira. Argi dago Madalen ontzia ez dela bandera preziatuaren lehian izango, baina azken postua ekidin nahiko dute, soilik 36 ehunen atera baitizkiote azken postuan den Kaikuri. Hibaika, hortaz, lehen txandan irtengo da datorren igandean Astillero, Chapela eta Kaikurekin. Ohorezko txandan, aldiz, Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea eta Donostiarra aterako dira.
Gizonetan ere pronostikoak bete dira, ligan nagusi izan den Urdaibaik egin baitu denbora onena Kontxako badian. Bigarren Zierbena izan da 14 segundora, eta hirugarren Donostiarra 15era. Bou Bizkaia-k dena alde du hirugarren urtez jarraian Kontxa Bermeora eramateko.
Hondarribiari dagokionean, berdeak lehen txandan irten dira Zierbena, Kaiku eta Caborekin, eta bigarren helmugaratu dira garaile izan den Zierbenatik 13 segundora. Sailkapena kontuan hartuta, hondarribiarrak bosgarren postuan kokatu dira, Urdaibaitik 27 segundora. Hibaikaren antzera, Ama Guadalupekoa ere ez da Kontxaren lehian izango, eta hondarribiarrak ere lehen txandan irtengo dira bigarren jardunaldian Kaiku, Getaria eta Caborekin. Ama Guadalupekoa-k, baina, gertu du laugarren postua, Oriok soilik bi segundo atera baitizkio. Ohorezko txandan Urdaibai, Zierbena, Donostiarra eta Orio arituko dira.
Hona hemen lehen jardunaldiak utzitako hainbat argazki: