Bidasoa Irun, lehiarako prest
Talde bidasoarrak irailaren 15ean hasiko du Asobal Liga. Zita hori prestatzen jarraitzeko, irailaren 7an azken lagunarteko partida jokatuko dute Artalekun Huescaren aurka, 19:00etan.
Bidasoa Irun prest da denboraldi berrirako. Aurtengo sasoia aldaketekin dator Irunera, zortzi urtez Artalekuko aulkian izan ondoren, Jacobo Cuetarak taldea utzi baitu. Prestatzaile asturiarraren ordez, Alex Mozas iritsi da Irunera, eta hark gidatuko du talde bidasoarra 2024-2025 denboraldian.
Aurtengo sasoia prestatzen jarraitzeko, klubak denboraldi aurreko azken lagunartekoa iragarri du. Bidasoarrek Asobal Ligako Bada Huescaren aurka jokatuko dute irailaren 7an Artalekun, 19:00etan. Prestakuntza faseko zazpigarren neurketa izango da irundarrentzat, eta sarrera doakoa izango da zaleentzat.
Lehia ofiziala, hau da, Asobal Liga, astebete beranduago hasiko da. Alex Mozasen taldeak etxetik kanpo jokatuko du estreinako partida Villa de Aranda taldearen aurka, irailaren 15ean, 19:00etan. Sasoiko Artalekuko lehen partida irailaren 22an jokatuko du Bidasoak. Bartzelona indartsuaren aurka izango da, hori ere 19:00etatik aurrera. Iaz, Asobal Ligako lehen norgehiagokan, bidasoarrak gai izan ziren kataluniarren aurka berdindu ahal izateko. Aurtengo denboraldia ere bide onetik hasi nahi dute irundarrek.
Bestalde, klubak jakinarazi du Alberto Tito Diaz jokalariari ebakuntza egin ziotela asteartean Donostiako Pakea Klinikan. Jokalari madrildarrak belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen Egiako Nazioarteko Txapelketan, Anaitasunaren kontrako derbian. Ricardo Jimenez Bidasoako medikuaren arabera, ebakuntza “gorabeherarik gabe” joan da, eta bi aste barru ekingo dio errehabilitazioari Irunen.