Artista eta sortzaileena izango da biharko gaua
Ostiral honetan (hilak 30) Kolore kolore elkarteak antolatutako gaueko merkatua izango da Arma Plazan. Guztira 20 artisau eta sortzailek parte hartuko dute.
Bihar arratsaldean zabalduko da xarma berezia izango duen Kolore gauak merkatua. Arratsaldeko 18:00etan zabalduko da eta 23:00etan itxiko dute. Horrek esan nahi du ilunabarra ikusi ondoren ere, merkatuaz beste modu batera gozatu ahal izango dela. Giro intimoago batean alegia.
Guztira hogei artisau eta sortzailek ezarriko dituzte beren postutxoak Hondarribiko Arma Plazan. Produktu askotarikoak salduko dituzte: moda apaingarriak, akuarelak, etxeko txokoak apaintzeko apaingarriak eta kosmetika naturala, besteak beste. Kolore kolore elkartetik artista eta sortzaileen lana goraipatu, eta mimoz eta pazientziaz sortzen dituzten piezak balioan jarri nahi izan dituzte. Aldi berean, artista eta sortzaileei prozesuaz galdegiteko aukera izango dela nabarmendu dute elkartetik.
Honako sortzaileak izango dira bertan: N1 Vehículos a escala, Kolore ganbara, Kapen, Maore Sagarzazu, Mxuk, Le Muguet, Gure galtzerdia, Gigil Desing, Belitz, D-Macrameotravez, Mumi hanmade jewellery, Mirimeba desing, Piki’s Nature, Bestriz Faci, Norte jewellery, Kikis Álamo – Paperki, Hiruloretxo, Artkham eta 4eta2.