Ozta-ozta eskuratu du Hondarribiak Kontxan aritzeko txartela
Zierbena, Urdaibai, Orio, Cabo, Getaria, Hondarribia eta Kaiku dira zazpi txartelak eskuratu dituztenak. Erreka eta Libia ontziak kanpoan geratu dira.
Arratsaldeko 18:00etan puntu-puntuan hasi da urduritasuna, tentsioa eta emozioa nahasten dituen estropada: Gizonezkoen 129. Kontxako Estropadako sailkapen jardunaldia. Arraun munduko eremu ospetsuena da Donostiako badian jokatzen den lehia, baita prestigio handiena duena ere. Gaur arratsaldean Euskal Herriko, Kantabriako, eta Galiziako 23 traineru aritu dira urrezko zazpi txartelen lehian. Oarso Bidasoko ordezkariei dagokienez Hondarribia, San Juan eta San Pedro izan dira parte hartu dutenak. Hibaikak trainerua baldan utzi behar izan du, Kontxako araudia bete ezinda geratu delako, azken uneko lesio bat tarteko.
Badia barruan bare zegoen arren, kanpokaldean metro eskas bateko olatua izan dute arraunlariek, eta ipar ekialdeko haizeak olatuak hartzeko moduko giroa ezarri du. Oarso Bidasoko ordezkarien artean Libia ontzia izan da irteten lehena. Hirugarren abiatu dira pasaitarrak eta ziabogan 1o:33ko denbora markatu ondoren 14. sailkatu dira. Helmugan 20:40ko denbora egin dute.
Sanjuandarrak, berriz, itxaropentsu etorri dira hiriburura. Uretara joan baino lehen lehia “gogorra” izango zela baieztatu du entrenatzaileak, eta hala izan da. Inongo presiorik gabe irten dira arrosak, urte guztian zehar egin duten lana erakustera. Lanak, ordea, ez zaizkie nahi bezala atera. Ziabogan 10:21eko denbora markatu dute eta helmugan 11. sartu dira, kronoa 20:23ko denboran geldituta. Gaurko estropadaren ondoren play off-ari begira jarriko dira pasaitarrak. Donibaneko eta San Pedroko ontziek Bermeon eta Portugaleten ikusiko dute elkar Eusko Label ligara igotzeko edota mantentzeko aukerak dituzte biek ala biek.
Hondarribiarrak faboritoen multzoan sailkatuta zeuden. Horrek esan nahi du gehiago zutela galtzeko irabazteko baino. Seigarren irten eta seigarren helmugaratu dira. Ziabogan denbora ona markatu dute: Caboren denbora bera (10:05) eta Oriok baino segundo bat gehiago. Poparean, ordea, ez dute asmatu eta Ama Guadalupekoak 9. denbora onena markatu du.
Gaurkoan sailkatzea zen helburua, eta hori lortu dute, baina banderaren lehiari begira berdeak urruti samar egon daitezkeelaren sentsazioa utzi dute. Mikel Orbañanosek azaldu duenez urte guztian maila txukuna eman duten arren “hona etorri eta egin egin behar da”. Orain, igandean aritzeko txartela eskutan dutelarik, datozen estropadetan “maila txukunxeagoa” ematen saiatuko direla adierazi du prestatzeaileak.
Sailkapena horrela geratu zen:
1- Zierbena; 2- Urdaibai; 3- Orio; 4- Cabo; 5- Getaria; 6- Hondarribia; eta 7- Kaiku. 8. txartela Donostiarrarena da.