Euskarazko liburuek Afrikara bidaiatuko dute
'Oporrak Bakean' programari esker bederatzi haur izan dira Hondarribian. Horietako bakoitzak Arzu Liburudendako liburu bana aukeratu du etxera eramateko.
Oporrak Bakean programari eta harrera familiei esker bederatzi haur sahararrek uda Hondarribian igaro ahal izan dute. Aurki itzuliko dira Algeriako kanpamenduetara, baina unea heldu baino lehen, Hondarribiko Udaleko Euskara sailetik, euskarazko liburu bat oparitu nahi izan diete.
Haur sahararrek Euskal Herrira heltzean egiten dute euskararekin lehen kontaktua, eta “hizkuntzarekin izandako harremanak jarrai dezan” Arzu Liburudendako liburu bat aukeratzeko aukera izan dute. Noski, Luis Abedaño liburuzainak euren mailaren araberako gomendioak eman dizkie liburu aproposa hautatu zezaten. Haiekin batera izan dira Josu Peña Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta Garoa Lekuona Euskara zinegotzia.