Venezuelako egoera politikoa protagonista izango da Hazian
Venezuelako Union Comunerako militanteak gerturatuko dira Haziara, hilaren 29an. Asmoa, herrialdearen egoeraren berri ematea da.
Pasa den uztailaren 28an, Venezuelako hauteskundeak egin ziren eta ordutik “berri nahasgarriak” iristen direla Karibeko herrialdetik azaldu dute Bor Bor hausnarketa kolektiborako taldeak, Hazia Kultur Elkarteak eta Union Comunerak. Hartara, hitzaldi bat antolatu dute “benetan gertatzen ari dena” argitzeko, eta horretan arituko dira Union Comunerako militanteak ostegun honetan, hilak 29, 18:30ean Hazia Kultur Elkartean.
Uztaileko hauteskundeen ondoren, egoera “tenkatu asmoz” nazioartean zabaldu diren mezuek giroa “mordoilotu” dutela adierazi dute, baina nabarmendu dute ez direla gutxi izan mugimendu bolibartarrarekin izandako elkartasun keinuak. “Venezuela bolibartarra inperialismoaren aurkako lubaki sendoenetako bat da, mundua irentsi eta erabateko gerrara garamatzan ereduaren kontrako erresistentzia” esan dute.
Hori dela eta, Venezuelan egiten ari den “bataila” munduko herri eta internazionalista guztien borroka dela defendatu dute antolatzaileek. “Baita aske izan nahi duen Euskal Herriarena ere” zehaztu dute. Beraz, hitzaldira gerturatzeko animatu dituzte herritarrak, herrien arteko “samurtasunaren” parte izateko.