Hondarribiko EAJ: "Gezurra da EAJak gobernatzen duen Udalak inoiz desfile hori baimendu edo baimendu ez izana"
Irailaren 8an Jaizkibel konpainiaren zein Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartearen desfilatzeko eskariak baimendu zituen Hondarribiko Udalak. Aurrerapauso horren aurrean EAJk zehaztapen batzuk egin nahi izan ditu.
Jaizkibelek udalaren baimenarekin desfilatuko duen lehen aldia izango da aurtengoa, konpainia bezala desfilatzeko baimena eskatu eta Hondarribiko Udalak eskakizuna onartu ondoren. Aurrerapauso horren aurrean, ordea, Hondarribiko EAJk zehaztapen batzuk egin nahi izan ditu.
Azaldu dutenez Jaizkibelek 2019an eskatu zuen aurreneko aldiz konpainia bezala desfilatzeko udal baimena, eta prozesuaren eskakizunak zirela-eta, —aseguru poliza, segurtasun plana…— , udal bideari “uko” egin ziotela zehaztu nahi izan dute jeltzaleek. Zentzu horretan, EAJk gobernatzen zuen udalak inoiz Jaizkibel konpainia “baimendu edo baimendu ez” izanaren inguruan esandakoak “gezurra” direla esan dute, “Jaizkibelek beti segurtasun sailaren bidez eta udaletxetik kanpo manifestazioaren formulari lehentasuna eman diotelako”. Gainera, pauso hau 2024an eman dutela gaineratu dute, hau da, “Bildu gobernuko kide denean”.
Datozen egunetan bi desfileak arautuko dituen dekretua zehatz mehatz aztertu eta horren balorazioa egingo dutela jakinarazi dute.
Jaizkibel Konpainiak, bere aldetik, EAJri zuzeneko erantzunik emango ez diola adierazi du X plataforman, “nekeza litzatekeelako agirian errealitatearekin bat ez datozen edo ahaztu zaizkien gertakizunak banan banan aletzea. Baina batez ere, ez luketelako ulertuko. 30 urtetan ez dute ulertu Jaizkibel Konpainiaren lanak ez duela zerikusitik alderdi politikoen tirabirekin. Ez dute ulertu gure esparrua Giza Eskubideen defentsa dela, gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasunarekin duela zerikusia, ez alderdi politikoen arteko borrokarekin”.