Denboraldi berrian sartuta dago jada Txingudi Errugbi
Entrenamenduak hilaren hasieran hasi zituzten bi talde nagusiek. Bestalde, lehen aldiz emakumea izango da gizonezkoen taldeko laguntzailea, Leire Muñoz Cao.
Buru belarri dabiltza Txingudi Errugbi Taldeko jokalariak hastear den 2024 eta 2025 denboraldia prestatzen. Gizonezkoak hilaren 1ean hasi ziren entrenatzen, eta emakumeak hilaren 5ean.
Bestelako berriak ere baditu taldeak, eta Zaisak gizonezkoen taldearen babeslea izaten jarraituko du beste urte batez. Horrez gain, Iñigo Camarero Taus teknikari nagusiaren paperean segituko du, baina laguntzaile berria izango du: Leire Muñoz Cao. Plaiaundin hasi zen jokatzen Muñoz eta ondoren, Hernani, Valladolideko El Salvador eta Eibarretik pasa, eta Txingudira bueltatu zen pasa den denboraldian emakumezkoen talde berrian jokatzeko. Aurten, Biok Txingudin jokatzeaz gain, gizonezkoen taldeko hiru laurdenen prestaketan arituko da Muñoz.
Ohikoa bada ere emakumeak Txingudiko taldeetan entrenatzaile lanetan ikustea, gizonezkoen taldean errealitate berria izango da. Hala ere, teknikariak berak garrantzia kendu diola azaldu du klubak eta izan duen “harrera ona” azpimarratu nahi izan du: “Gogotsu nago denboraldi berri honekin, taldearen harrera oso ona izan da eta, denboraldiaurrearekin gaudenez, fisikoa lantzen ari gara gehien bat eta jokalari bakoitzaren baldintzak eta beharrak ikusten ari naiz”, esan du.
Aurreko denboraldietan bezala, taldearen muina ez da aldatuko, baina aldaketa asko izango dira. Besteak beste, Iñaki Cano Shab, Joao Costa Valente, Unai Herrero Gomez, Keoma Pacheco Fillweber, Luciano Etxebarria Roman eta Oier Arribillaga Ubiria taldera bueltatuko dira, Odin Gutiérrez Gamindez 18 urtetik beherako taldetik igo da eta Pablo Besga eta Imanol Rodriguez ere jantziko dute aurten kamiseta beltza.
Beste aldetik, hainbat baja ere izango ditu taldeak; hain zuzen ere, errugbia utziko dute Teo Arruti Bernadetek, Javi Paredes Andiak, Unax Dominguez Elgezabalek, Lander Vielba Gomezek, Asier Gonzalez Arañak eta Andoni Quiñones Gonzalezek. Bestetik, denboraldia beste taldeetan pasako dute Alejandro Lasa Agirrek (Stade Hendayais), Adur Manterola Zapiainek (Atletico San Sebastian) eta Roman Solis Etxegoienek (AS Urrugnarrak).
Urtez urte hainbeste aldaketa izateak lana zailtzen duela aitortu du Camarerok: “Pasa den denboraldia transiziozkoa izan zen eta aurtengoa ere ildo beretik joango dela esan dezakegu. Partida bakoitza disfrutatzea eta ahalik eta gehien irabaztea da gure helburua, ligako sailkapenak gugan eraginik izan ez dezan saiatuz”. Hala ere, goiz da oraindik helburu zehatzak finkatzeko, Camareroren hitzetan “behin jakinda jokalariak zein egoeran dauden, baloratuko dugu denboraldiko helburua”.
2024-2025 denboraldiko aurkariak oraindik ez dakite zeintzuk diren, baina hainbat filial izango direla aurreikusi dute. “Zaila da gure mailan partidak prestatzea, baina are gehiago bigarren talde baten aurka jokatzen duzunean. Dena den, ez dugu ezer aurreratu nahi eta buru belarri gabiltza gure prestaketan” azaldu du prestatzaileak.
Lana hobetzeko helburua
Aparteko sasoian dago Txingudiren emakumezkoen Biok Txingudi taldea. 2023-2024 denboraldian Euskal ligan debuta egin ondoren, Biok Txingudik aurrerapauso bat eman nahi dut txapelketan lehiatzeko. Asier Gonzalez Arañak eta Alejandro Lasa Aguirrek entrenatzaile lanetan jarraituko dute, Patxi Artola Ferranen laguntzarekin aurrelariekin lanean. Gonzalezen hitzetan, pasa den denboraldian haien maila zein zen ikusi nahi zuten eta, lan txukuna egin bagenuen ere, gehiago lortu genezaken sentsazioarekin amaitu zuten. Aurten, berdin mantendu nahi dute, eta hortik gora egin goiko postuei eusteko.
Horretarako, harrobia lantzea “ezinbestekoa” da taldearentzat eta beste helburuetako bat izango da hori. Entrenatzailearen esanetan jokalari asko gerturatu zaizkiei azkenengo hilabetetan, batzuk esperientzia dutenak eta beste asko gabekoak, eta denak geratu direla baieztatu dute. Talde giro ona izatea izan da taldearen helburuetako bat eta hori lortu dutenaren seinaletzat jo dute.
Jokalari berri horietako bat Sandra Ramos Diez da, 2024ko urtarrilean klubera iritsi zena eta aurten debuta egitea espero duena. Ramosek azpimarratu duenez, giroa “apartekoa” da, jokalari berriak taldearen parte sentitu dira hasieratik eta ilusioz eta gogo handiekin hasi dituztela entrenamenduak azaldu dute. Emakumezkoen ligak aurten izango duen formatua oraindik ez dakite, baina taldeak lortutako esperientziarekin eta barne-kohesioarekin lan polita egitea espero dute.