Alarde egunaren inguruko argiztapenak eman ditu Hondarribiko Udalak
Joan den astean Hondarribiko Udalak, aurreneko aldiz, konpainia gisa ateratzeko baimena eman zion Jaizkibel konpainiari. Horren harira "konfusioa" sortu dela adierazi eta gertatutakoa argitzeko adierazpenak egin ditu.
Aurten, irailaren 8an desfilatzeko bi eskari jaso zituen Udalak: Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartearena eta Hondarribiko Alardeko Jaizkibel Konpainiarena. Bi elkarteei, ebazpen bakarrean, elkartzeko eta desfilatzeko baimena eman zieten. Horrek esan nahi du Jaizkibel Konpainiak manifestazio gisa desfilatu beharrean udal baimenarekin desfilatuko duela aurten aurreneko aldiz, eta, aldi berean, Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartearen eskutik, gainerako konpainiek ere udalaren baimenarekin desfilatuko dutela.
Hondarribiko Udalak urte osoan zehar lan handia egin duela adierazi du, eragile guztiekin elkarrizketa bideak ireki eta mantentzeko, tentsio fokuak identifikatu eta baretzeko. Haatik, komunikabideei arduraz jokatzeko eta Hondarribian ematen ari den prozesuan “bidaide” izateko eskatu dute.