Jaiei begirako bi formakuntza prestatu ditu udalak
Herriko eragileak ahalduntzeko formakuntzak izango dira. Alkoholaren kontsumoa eta jai parekideak izango dituzte ardatz. Saio irekiak dira.
Hondarribiko Udalak jaiei begirako bi formakuntza prestatu ditu. Horiek batez ere txosnetako eragileei eta ostalariei begirakoak dira.
Aisialdiaz eta jaiaz gozatzea, pertsona guztion eskubidea dela berretsi du udalak, eta horregatik, herriko eragileak ahalduntzeko, alkoholaren kontsumoa eta jai parekideak ardatz izango dituen formakuntza saioak antolatu ditu.
Txosnagunean egongo diren eragileentzat derrigorrezko formakuntza izanik, gainontzeko herritarrei bertaratzeko gonbita luzatu diete. Formakuntzan, besteak beste, eraso matxisten aurrean jarduteko oinarrizko erabakiak adostuko dituzte.
Bi hitzordu ezarri dituzte: hilaren 27an eta irailaren 2an izango dira. Euskarazko saioak 12:00etik 14:30era izango dira, biak ala biak, Kultur Etxeko 103 gelan.