Itzulera operaziorako zerbitzu berezia jarriko du udaltzaingoak
Hilaren 9tik irailaren 1ean bitarte errepideetako udaltzain kopurua handitu egingo dute, Irunera sartzeko trafikoa kontrolatzeko eta erregulatzeko asmoz.
Aurki hasiko da itzulera operazioa, eta, iragan urteetako esperientzia kontuan izanik, zerbitzu berezia martxan jarriko du Irungo Udaltzaingoak. Hilaren 9tik irailaren 1era arte errepideetako udaltzain kopurua handitu egingo dute, trafikoa kontrolatzeko eta erregulatzeko asmoz.
“Egun zailak” gerturatzen ari direla adierazi du Cristina Laborda Irungo alkateak, baina udalean lasai dira; izan ere, aurrez “eraginkorra” dela frogatu duen zerbitzu bat jarriko dute martxan.
Irun ez kolapsatzea eta zirkulazio arina bermatzea erakunde guztien ardura dela gogorarazi du alkateak. Haatik, azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean aritu direla zehaztu du.