Lapurriturriko informazio puntua, "goraldian"
Azken bi hilabeteetan 150 lagun gerturatu dira Aiako Harriko informazio puntura, iaz baino 49 pertsona gehiago.
Lapurriturriko informazio gunea irekita dago udara honetan eta haren balorazioa egiteko bertaratu da Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkaria. Balantze “oso positiboa” egin du Olazabalek eta turismo naturala “goraldian” dagoela baieztatu du. Izan ere, informazio puntuak urtero bisitari gehiago ditu eta Aiako Harriko erreferentziazko puntua bilakatu dela uste du udal ordezkariak. Agerraldian, Naiara Kaperotxipi Arazi IKT enpresako ordezkaria ere egon da.
Ekainaren 1etik uztailaren 31era arte, 150 pertsona inguruk egin dituzte kontsultak informazio gune horretan. Iaz, aldiz, 101 lagun izan ziren gerturatu zirenak. Bisitari gehienak Espainiako eta Frantziako Estatukoak izan direla zehaztu du udalak, eta kontsultak Aiako Harrien inguruan dauden bost ibilbideekin eta mendiaren hiru tontorretara igotzeko informazioari buruzkoak izan dira.
Informazio guneak tailerrak ere eskaintzen ditu eta horiek ere “oso harrera ona” izan duela adierazi du Olazabalek. Ekainaren 15ean Mineralen tailerra egin zuten eta 20 parte hartzaile zian zituen, Polinizatzaileen Jokoa tailerrean 16 lagun elkartu ziren. Hurrengo tailerra hilaren 17an izango izango da eta fosilak izango dituzte aztergai (agortu dira plazak); zuhaitzei buruzkoa irailaren 8an egingo da eta mikologiari buruzkoa urriaren 12an. Tailerretan izena emateko epea zein den aurrerago zehaztuko dute.