Urrezko Intsignia jasotzeko hiru hautagaien artean bozkatu daiteke
Arrantzaleen Kofradia, Ikastolaren sortzaileak eta Gloria Gonzalez Aseginolaza dira bozeramaile batzordearen hiru hautagaiak. Abuztuaren 21ean itxiko da bozkatzeko epea.
Gaur goizean jakinarazi dituzte Urrezko Intsignia jasotzeko hiru hautagaiak. Uztailaren 22an zabaldu zen herritarrek hautagaiak proposatzeko epea eta astebetez proposamenak egiten aritu ondoren 56 pertsona eta erakunde proposatu zituzten herritarrek. Izen horiek bozeramaile batzordearen eskuetan jarri eta hiru finalista hautatu dituzte: Arrantzaleen Kofradia, Ikastolaren sortzaileak eta Gloria Gonzalez Aseginolaza.
Herritarrek gaurtik hilaren 21era arte izango dute bozkatzeko aukera. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du.
Hautagaiak
Done Pedro Itsas Gizonen Kofradia: Hondarribian dagoen erakunderik zaharrenetakoa da. 1361an sortu zen eta urteetan zehar garrantzi handia izan du herriaren ekonomian eta izaeraren osaketan.
Ikastolaren sortzaileak: XX. mendeko 60. hamarkadaren amaieran eta 70. hamarkadan hainbat gizon eta emakume hondarribiarrek eginiko lanari esker Hondarribiko Ikastolaren sorrera ahalbidetu zuten. “Gaur egun dauzkagun azpiegituretatik oso urrun, hiriko hainbat eraikin desberdinetan sakabanatutako gela eta aretoekin hasi ziren lanean, eta asko izan ziren orduan isilpean lan gogorra egin zuten herritarrak” azaldu dute.
Gloria Gonzalez Aseguinolaz: Gaixotasun arraroen Terapia Genikoaren programaren zuzendaria eta Gibeleko Gaixotasun Arraroetarako Terapia Aurreratuen taldeko ikertzaile nagusia da.