Lehen Berdintasun Legearen eguneraketa landu zuten bost politikarik jasoko dute HBH saria
Irailaren 1ean banatuko da Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria Itsas Etxea auditoriumean. Aurten, gainera, sari banaketak 10. urteurrena ospatuko du.
Hondarribia Berdintasunaren Hiria Sariak 10 urte beteko dituen honetan lehen Berdintasun Legearen eguneraketa landu zuten bost politikari omenduko dituzte: Leixuri Arrizabalaga (EAJ-PNV), Oihana Etxebarrieta (EH Bildu), Gloria Sanchez (PSE), Isa Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU) eta Laura Garrido (PP).
2005ean plazaratu zen lehen Berdintasun Legea Euskal Herrian eta 2022an eguneratu zuen lege hori Eusko Legebiltzarrak. Jardun horretan aritu ziren Arrizabalaga, Etxebarrieta, Sanchez, Gonzalez eta Garrido politikariak.
Legearen 28. artikuluaren lehen puntuak honakoa dio: “EAEko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, behar beste neurri hartu behar dituzte, bai sexuan oinarritutako diskriminazio oro saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera guztietan. Lege honen ondorioetarako kultura jardueratzat hartzen dira, besteak beste, jarduera artistikoak, jai-giroan egiten direnak, oroitzapenezkoak, kirol jarduerak eta euskararen hizkuntza-normalizazioaren arloan egindakoak. Debekatu egiten da gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura-jarduerarik antolatzea eta egitea”.
Hori dela eta, “Hondarribia, Berdintasunaren Hiria” sariaren epaimahaiak lege horren eguneratzean lan egin zuten ordezkari politikoak saritzea erabaki du. Epaimahaia Nieves Alzak, Fermin Muguruzak, Garbiñe Biurrunek, Maddalen Iriartek, Arantxa Urretabizkaiak eta iazko irabazleak izan ziren Antzuolako Alardearen ordezkariak eta Antzuolako Udalak osatu dute eta sari banaketa irailaren 1ean egingo da Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan.