Lehen hiruhilekoan bildutako datuak kaleratu ditu ACUBIk
Lehen hiruhileko honetako kontsulta eta erreklamazio gehienak hipotekaren ingurukoak izan dira.
ACUBIk Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak 2024ko lehen hiruhilekoan bildutako datuak kaleratu ditu. Guztira, Bidasoko 1.250 pertsona gerturatu dira ACUBIren bulegoetara beren zalantzak argitzera: 1.029 irundarrak izan dira, 213 hondarribiarrak eta Nafarroako edo Ipar Euskal Herriko biztanleak, berriz, 8.
Ohikoa den bezala kontsulta ugari (119) alokairuen ingurukoak izan ziren. Kasu gehienetan, errentaren, ordainketa ezaren edota finantzaren inguruko dudak izaten dituzte. 134 kontsulta, berriz, bizilagunen bilerak deitzeko edo horien aktak jasotzeko moduaren ingurukoak izan dira, baita bizilagunen batek ordainketa komun bat ordaintzen ez duenean jarraitu beharreko prozeduraren edo obren ingurukoak ere.
Argiaren eta gasaren inguruko 37 kasu artatu zituzten: argiaren prezioa, fakturen inguruko dudak… Gremioen inguruko kontsultak 19 izan ziren, eta autoen ingurukoak aldiz, 14. Dena dela, lehen hiruhileko honetako kontsulta gehienak (567) hipotekaren ingurukoak izan dira.
Aldi berean, erreklamazioak egiteko zerbitzua eskaintzen du ACUBIk eta orain artean 516 pertsonari laguntza eman diote. Kasu honetan ere hipotekaren ingurukoak izan dira biztanleek jarri dituzten erreklamazio gehienak 380.
Zuzendaritza taldea
ACUBIko presidentearen heriotzaren ondoren zuzendaritza taldea berritzea ezinbestekotzat jo dute eta horretarako hautagaitzak aurkezteko bizilagunen inplikazioa eskatu du elkarteak.
Zuzendaritza taldeko kide izan nahi duen orok hurrengo helbide elektroniko honetara mezu bat bidali beharko du, edota hurrengo zenbaki honetara deitu beharko du: 943 632 194.