Oinaurreko anbulatoriorako aurrekonturik ez dagoela salatu du Osasun Bidasoak
Alfredo Martinez Osasun sailburu berriari gutun bat bidali dio plataformak eskualderako hainbat eskakizun eginez. Erantzunik jaso ez arren, Martinezek Legebiltzarrean egindako adierazpenak "errespetu falta" izatea salatu dute.
Osasun sailburu berria daukat Eusko Jaurlaritzak: Alfredo Martinez. Ekainaren 25ean gutun bat bidali zion Osasun Bidasoak sailburu berriari, Bidasoko osasun egoera “prekarioa” dela jakinarazteko, eta elkarrizketa bat izateko eskaria egiteko. Gutunean, pasa den ekainean salatutako guztia jaso zuten, eta Bidasoa Ospitalea handitzeko plataformaren proposamena helarazi zioten.
Osasun Bidasoak ez du Martinez sailburuaren erantzunik jaso, baina hainbat baieztapen egin ditu Eusko Legebiltzarrean eta plataformak ez ditu horiek onartu. Izan ere, ospitalizazio unitatea ixteak ohe galerarik ez dakarrela ez dela “egia” azaldu dute, oheak lehen solairuko geletara eramango direlako. “Solairu hori ospitalearen asistentzia gaitasuna handitu ahal izateko erabiltzen da, bai epidemietan edo zenbait zerbitzu handitzeko beharra dagoenean, ohe soziosanitarioen eskaintza, kasu” zehaztu dute. Osasun Sailak egikaritu nahi dituen proiektuarekin ebakuntza gelak handituko dituzte, baina asistentzia gaitasuna “galdu” egingo dela uste du Osasun Bidasoak.
Bidasoko ospitaleko kirurgiako itxaron zerrendaren datuak ere eman zituen. Dena den, Osasun Bidasoak datu guztiak ez eman izana egotzi dio sailburu berriari, hla nola, ospitaleko espezialistaren kontsultetarako edo proba diagnostikoetarako. Azken datu horiek, kirurgiakoekin batera, “zehaztasun handiagoa” ematen dute ebakuntza egin behar duen pazientearen bidearen iraupena.
Mediku espezializatuetarako eta proba diagnostikoetarako zerrenden datuak eman ditu plataforman jarraian. Datu horiek ekainaren 26an eguneratutakoak dira: 180 egun (6 hilabete) traumatologiarako; 130 egun otorrinorako; 104 egun ginekologiarako; 82 egun dermatologiarako; eta 75 egun kirurgia orokorrerako. Horrez gainera, duela bi urtetatik ezin dela hitzordurik eskatu urologiarako ezta minaren unitaterako ere salatu dute. Halaber, diagnostiko probetarako ezin da ekografia baterako hitzordurik lortu, eta OTA baterako itxaron zerrenda 81 egunekoa zen ekainean. Kolonoskopia baterako, berriz, 87 egunekoa.
Oinaurreko anbulatorioa ere hizpide izan zuen Martinezek eta aurrekontu partidarik ez dagoela onartu zuen, eta Bidasoako herritar eta profesionalekiko “errespetu falta” dela jo dute. Osasun Bidasoak eskualderako azpiegituren plan bat eskatu dio beste behin Osasun sailari, eta Oinaurren Irungo hirugarren osasun zentroa “berehala” eraikitzeko eskaria jaso dute bertan. Obra horiek hasteko, Oinaurre auzoan orube bat “prest” dagoela azaldu du plataformak, 2015etik.