Udal gobernantza bateratuaren bila eseri dira EAJ eta PSE-EE
Adostasuna lortu nahi dutela sozialistek eta jeltzaleek azaldu du EAJk. Agintaldia "oso aurreratuta" dagoelako, "lehenbailehen" nahi dute akordioa jeltzaleek.
Irungo EAJren bozeramaile Gorka Alvarezek jakinarazi du lehen bilera egin dutela alderdi jeltzaleak eta PSE-EEren negoziazio batzorde batek. Alvarezek pasa den hilean hartu zuen bozeramaile kargua eta herritarren gobernantzan parte hartzeko eta “egonkortasun politikoa” lortzeko asmo garbia adierazi zuen. Eusko Autonomia Erkidegoan jeltzaleek eta sozialistek dituzten akordioak “Irunen ere” eman behar direla uste du Alvarezek.
Dena den, goiz dela akordioa egongo den ala ez jakiteko azaldu du Alvarezek, “ez dakit zertara eramango gaituzten bilerek” zehaztu du, baina bi alderdien artean komunikazio kanalak irekitzea “oso ondo” dagoela baloratu du. 2023-2027 agintaldia “oso aurreratuta” dagoenez, adostasuna “lehenbailehen” iristea nahi du EAJk: “Nik jakin behar dut alderdia non kokatu, adostasunaren barruan edota oposizioan” adierazi du bozeramaileak.
Adostasunerako proposamena sozialistek egin behar dutela iritzi du bozeramaile jeltzaleak, haiek irabazi zituztelako hauteskundeak. Lehen bileraren ondorengo bilerak “diskrezioz” egingo dituzte, baina akordioa lortzekotan gizarteari komunikatuko diotela aurreratu du EAJk.
Akordioa, luparekin begira
2015-2018 agintaldia izan zen EAJk eta PSE-EEk batera egin zuten azkena. Jose Antonio Santano sozialista zen alkate eta Xabier Iridoi jeltzalea eta EAJren bozeramailea Hirigintza zinegotzi, orduko alkateak udal kargua uztarazi zion arte, 2018an. Orduan, koalizio gobernua bukatu egin zen, eta bi agintaldi geroago, koalizio gobernua berriro adosteko lanean dabiltza.
Iazko abenduan, Cristina Laborda alkateak adierazi zuen orain arte EAJrekin ez badute koaliziorik lortu “politika ulertzeko moduengatik” izan dela, eta agintaldi honetan koalizioa “egingarria” zela onartu zuen.
Izan ere, EAJrekin hitz egiten zebiltzala onartu zuen alkateak orduan, baina “zertarako” akordioa lortu jakiteko. “Desadostasun programatiko konplexuak ditugu, baina horiek hitz egiten gabiltza. Uste dut funtsezkoa dela Irunen egonkortasunerako, baina ez soilik Irungo Udalean, aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ditugun konpromisoak betetzeko ere”.