Eguzki plakak jartzeko lanak hasi dituzte
Gaur bertan hasi dituzte Azken Portuko kiroldegiko teilatuan eguzki planak ezartzeko lanak eta hilaren 8an Ospitale Zaharrekoak berritzeari ekingo diote.
Irungo Udalak jasangarritasunerako urratsak ematen jarraitzen du. 2022an ezarri zituzten autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak (eguzki plakak) udal eraikinetan, eta ordutik, beste hainbat lekutan ezarri dituzte. Esaterako, Iraun haurtzaindegiko teilatuan, Irun Hiriko Museoan eta Mahai Teniseko Teknifikazio Zentroan. Haurtzaindegiaren kasuan, gainera, Udaletxeak eta CBA liburutegiak ere eskolako teilatuan kokatuta dauden eguzki plaken energia jasotzen dute.
Aurki, Azken Portu kiroldegia eta Ospitale Zaharra ere zerrenda horretara batuko dira. Kiroldegiaren kasuan, uztailean hasi ziren eguzki instalazio termikoa optimizatzeko lanak egiten eta gaur plakak ezartzen hasi dira. Hori dela eta, hilaren 9ra arte kiroldegiko aparkalekua itxita egongo dela iragarri du udalak eta auto pribaturik ez erabiltzeko gomendatu du.
Ospitale Zaharreko lanak, berriz, hilaren 8an hasiko dituzte. Kasu honetan 2007tik ezarrita dauden plakak berritzeko lanak egingo dituzte. Horrenbestez, datozen egunetan Kultura arlora zuzenean sartzeko sarrera itxita egongo da eta Ongizate arloko sarrera nagusia erabili beharko da.