Ricardo Azkargortak irabazi du Kaleko Margo Lehiaketa
34 artistek parte hartu zuten Emekik antolatutako lehiaketan. Alde Zaharreko zein Portuko txokoak margotu zituzten.
Aurtengo Kaleko Margo Lehiaketa berezia izan da, 30 urte ez baitira edonola betetzen. Iragan igandean (hilak 4) egin zuten azken lehiaketa eta 34 margolari aritu ziren bertan. Kalitate handiko artelanak margotu zituzten.
Emeki elkarteak aurrenekoz lehiaketa hau antolatu zuenetik izan du Javier Sagarzazu epaimahaikide. Arrazoi horregatik omenaldi txiki bat egin zioten lehiaketaren egunean bertan. “Bere lan bikainari esker, Txingudiko, Hondarribiko eta Irungo txokoetako paisai ezberdinak estimatu eta gozatu ahal izan ditugu” esan zuten elkarteko kideek.
Epaimahaia bost kidek osatu zuten Julia Lasak (ilustratzailea, artista plastikoa eta bere Lasai estudioko diseinatzaile grafikoa), Mariajo Noainek (Artearen historialaria eta antropologoa, Aspasiaren bidaiak kultur dibulgazioko proiektuaren sortzailea), Rakel Salinasek (artean lizentziatua eta arte hezitzailea), Sara Otañok (16 urtetik margolari inpresionista) eta Javier Sagarzazuk (Hondarribiko margolari beteranoa, 50 urtetik gorako esperientziarekin). Epaimahaikideek adierazi zutenez, ez zuten lan samurra izan irabazlea aukeratzeko orduan. Bi erronda egin eta asko eztabaidatu ondoren iragarri zituzten saridunak.
Sariak:
Lehen saria Bergaratik etorritako Ricardo Azkargortak irabazi zuen. Azkagortak 1000 euro eta Done Pedro Arrantzale Kofradiako produktuen saskia eskuratu zituen. Bigarren saria Irungo Maria Maldonadori egokitu zitzaion. Harentzat izan ziren, beraz, 700 euro eta Done Pedro Arrantzale Kofradiako produktuen saskia. Eta hirugarren saria ere Irungo bizilagun batentzat izan zen: Iratxe Airesentzat hain zuzen. Airesek 500 euroko txekea eta gainontzekoek bezala Done Pedro Arrantzale Kofradiako produktuen saskia jaso zituen. Azkenik, accesita banatu zuten. Jean Jacques Daugak (Linxe) ere Done Pedro Arrantzale Kofradiako produktuen saski ederra bereganatu zuen.