Heldu da ligako lehen bandera
Etxeko estropadaren atarian lehen garaipena eskuratu dute berdeek Orioko uretan. Emakumeek laugarren egin zuten igandean eta B-koek larunbatean 10.
Eusko Label ligan jaun eta jabe izaten ari da Urdaibai. Hamabi jardunalditik bederatzi irabazi ditu. Asteburu honetara heldu arte Zierbena zen Bou Bizkaiaren nagusitasuna haustea lortu zuen ontzi bakarra, bitan irabazi du bandera: Bilbon (XV. Bilboko Bandera) eta Ribeiran (II Bandeira Barbanza Arousa). Asteburu honetatik aurrera Hondarribia batu zaio Zierbenari, balentria hori lortu duen bigarren ontzia izan baita Ama Guadalupekoa. Denboraldi irregular samarra egiten ari den arren, estropada onak egiteko eta garaipenaren borrokan egoteko gaitasuna duela erakutsi dute.
Iragan astean, puntu asko galduta, bigarren txandara jaitsi zen Ama Guadalupekoa eta oso zaila zuen galdutako postua berreskuratzea. Larunbat honetan Castroko estropadan seigarren egin zuten -lehenengo txandako ontziez gain Lekittarra geratu zen berdeen aurretik-, eta ondorioz, igandean ere bigarren txandatik borrokatu behar izan zuten. Helburu nagusia beren arraunketa lortzea eta txanda irabaztea zela aitortu zuen Ibai Camarerok estropadaren ondoren.
Urdaibairen orain arteko nagusitasuna kontuan hartuta, bandera urrun izango zutela pentsatu eta Orioko kofradia berrira gerturatu ziren, ontzia uretatik ateratzeko. Ohorezko txandan ordea haizeak gora egin zuen eta estropada guztian Zierbenarekin segundo baten bueltan ibili ondoren, azken luzean lau segundo atzetik kokatu ziren bizkaitarrak. Hondarribiarrek emozio handiarekin ospatu zuten garaipena. Gainera, lau jardunaldiren faltan ohorezko txandara itzultzea lortu dute.
Arratsaldean herritarrak berdez jantzi eta arraunlariei harrera egitera gerturatu ziren. Sare konpontzaileen plazatik harro txalotu zituzten arraunlariak.
Emakumeek beste asteburu eder bat egin dute. Larunbatean, Castron, beren txanda irabazi eta bosgarrenak izan ziren, Orio ontzitik bi segundora. Igandean, berriz, ohorezko txandan aritu zen Donostiarraren aurretik geratzea lortu eta laugarrenak izan ziren sailkapenean. Miren Garmendia patroiak azaldu zuenez uda hasieratik zertxo bait hobetu eta estropada bakoitzean beren txanda irabazteaz gain ohorezko txandakoei “koxk” egiten ahalegintzen direla esan zuen. Orain artean hirugarren postu bat, eta hiru laugarren postu lortu dituzte. Sailkapen orokorrean bosgarren dira 51 punturekin.
KAE1 ligan jardunaldi bakarra izan zuen asteburuan. Bertan aritzen den Hondarribia B hamargarren izan zen larunbatean Orion bertan jokatu zen erlojupekoan. Berdeek atzetik utzi zituzten Camargo eta Pedreña, baina horiek ondoren, deskalifikatu egin zituzten ontziak izan beharreko pisu gutxienekoa ez betetzeagatik. Sailkapen orokorrean 8. jarraitzen dute (34 puntu), hurrengo sailkatutik, Pedreñatik, hamaika puntura.