Asmo guztiak gainditu dituen Euskal Jira
Ekaitzaldia igarota, eguzki izpiek argitu eta alaitu dute aurtengo Euskal Jira. Programazioa ez da bukatu, bihar Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa egingo da.
Hiru eguneko 44. Euskal Jira atzo hasi zen Irunen. Haurrentzako puzgarriak, janari postuak eta Burrunba Elektrotxarangaren emanaldiak girotu zuten atzokoan Urdanibia plaza. Gaurkoa, baina, egun bereziena da, desfilea egin baita Letxunborro hiribidetik abiatuta Urdanibia plazaraino.
Iaz ez bezala, aurten eguraldia lagun izan dute gurdien inguruan desfilatu dutenek. Gainera, jende andana elkartu da gurdi bakoitzaren bueltan, haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak. Denentzako festa dela erakutsi du tradizio zaharrak.
Aurtengoan bederatzi gurdi atera dira: Euskal Jira, Hendaia, Irungo Euskal Kirolak, Behobia, Meaka, Kemen, Santiago, Landetxa eta Foro XXI. Euskal jaiak edota jirak Euskal Herri osoan zehar egiten dira, baina Irungoaren berezitasuna da talde bakoitzak bere gurdiak eraikitzen dituela.
Aurtengo edizioa berezia da. 1979an Euskal Jira berreskuratu zenetik antolakuntza lanetan aritutako Manueltxo Kerejeta eta Jexux Mari Gelbenzu zendu baitira. “Bizi osoa eskaini zioten Euskal Jirari” nabarmendu du Iñaki Olaizola Euskal Jirako presidenteak.
- 19.45ean: Agur jaunak eta Gernikako Arbola, Irun eta Hondarribiko txistulariekin eta Irun Hiria Musika Bandarekin
- 20.30ean: «Dantza Jira Erromeria» Urdanibia plazan, Kemen Dantza Taldearen eskutik.
- 22.00etan: Bide Batez taldearen dantzaldia Urdanibia plazan.
Abuztuak 4, igandea:
- 11.30ean: Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa.