"Lehiaketa gutxik izango dute hogeita hamar urteko ibilbidea eta harro gaude gureaz"
Emeki Emakume elkarteak antolatzen duten Kaleko Margo Lehiaketak 30 urte bete ditu. Besteak beste, udalerriak jasan dituen aldaketen lekuko izan da lehiaketa.
Emeki elkartearen Kaleko Margo Lehiaketak hiru hamarkada bete ditu. Elkarteko kideak poz-pozik eta harro daude lehiaketak izan duen ibilbidearekin. Urte horiek guztiak “legera” ospatzeko lehiaketa berezia [hilaren 4an, igandean izango da lehiaketa] eta erakusketa bat antolatu dituzte.
Aurten hogeita hamar urte bete ditu Kaleko Margo Lehiaketak. Zuentzat zer esan nahi du horrek?
Aurtengoa oso urte berezia da guretzat. Hasi ginenetik gauza asko aldatu dira. Lehiaketa lekuz aldatu genuen, adibidez. Hasieran Emeki elkarteak San Pedro kalean zuen egoitza, eta lehiaketa ere bertan egiten zen.
Hogeita hamar urteak legera ospatzeko lehiaketa antolatzeaz gain urte hauetan guztietan lehiaketa irabazi duten pertsona guztiak omendu nahi genituen. Horretatik koadro guztiak jasoko dituen erakusketa bat izango dugu ere [Hondarribiko Txokoak deiturikoa]. Abuztuaren 5etik 25era izango da ikusgai Itsas Etxean. Lan asko eman digu, baina dena prest dugu. Jendeak sorpresa handia hartuko du. Urteetan zehar Hondarribiko txokoak margotu dituzte eta koadroen bidez konturatzen zara zer nolako aldaketak jasan dituen herriak, zenbat jendea pasa zen lehiaketatik, zer harremanak egin ditugun… Gainera, harrigarria da ikustea egun batean zer nolako lanak egin ditzakeen jendeak!
Ordu gutxi izaten dira margotzeko izaten dituztenak eta kalitate handiko artelanak egiten dituzte.
Leku askotako margolariak etortzen dira. Pentsa, joan den urtean lehen sariaren irabazlea Extremadurakoa zen. Hemen barrena zebilen oporretan eta parte hartu zuen. Bigarren sailkatua Arabakoa zen eta hirugarrena Bizkaikoa. Leku askotako jendea hurbiltzen da. Lehiaketa gutxik izango dute hogeita hamar urteko ibilbidea eta gu harro gaude gureaz.
Beti izan al du hainbesteko arrakasta lehiaketa honek?
Ba bai, beti izan du. 1980. hamarkadan Hondarribian izugarrizko giro artistikoa zegoen. 30 arte galeria inguru zeuden Hondarribian eta uda partean sekulako giro artistikoa zeukan. Txoko guztietan zenuen arte galeria bat, artisau bat… eta hori galtzen joan zen. Horregatik, gu lehiaketa antolatzen hasi ginenean arrakasta handia izan zuen. Hasieratik Euskal Herriko udalerri guztiei zabaldu genien gonbidapena eta urtero udaleko kultur teknikariaren eta departamentuaren laguntza jaso dugu. Arrakasta handikoa izan da eta azken urteetan batez ere kalitate aldetik oso jende ona aurkeztu da.
Egunean bertan nolakoa izaten da lehiaketa?
Goizeko 09:00etatik 11:00ak arte Emeki elkartean mihiseak aurkeztu behar dituzte partaideek. Guk zigiluak jartzen dizkiegu. Beraiek aukeratzen dute zein teknikarekin margotuko duten, librea delako, eta 17:00ak arte izango dute margotzeko denbora. Aurten, gainera, berezitasun moduan, margotzeko eremua mugatu egin dugu: Alde Zaharrean eta Portua auzoan margotu beharko dute. 30 urte betetzen direnez kalean dabilen jendeak margolariak margotzen ikustea nahi dugu, hori ere oso interesgarria delako.
17:00etan koadroak San Pedro kalean aurkeztuko dituzte [Beste urteetan Gipuzkoa Plazan izaten zen]. Duela 30 urteko esentzia berreskuratu nahi izan dugu. Hortik aurrera epaileek aukeratuko dituzte saridunak eta 20:00ak arte egongo dira artelanak ikusgai. Zoragarriak izaten dira.
Elkartekoak kuxkuxeatzera joaten al zarete?
Hombre! (barrez) Gu 09:00etatik 11:00arte egoten gara elkartean eta gero arratsaldeko guztia prestatzen dugu. Ondoren, margolariei argazkiak ateratzera joaten gara, oroigarri gisa.
Zerk egiten du lehiaketa hau berezi?
Berezi egiten du orain dela gutxi konturatu garela 30 urteetan txoko berdinak, txoko ezberdin bihurtu direla. Adibidez, Santa Maria Madalenako eskailerak jarri aurreko margoak ditugu edo Muliateko barriada guztiaren aurreko artelanak ere. Gauza asko aldatu dira. Momentuan ez zara konturatzen, baina gerora ikusita oso inportantea da. Guzti hori ikusteko antolatu nahi izan dugu Itsas Etxeko erakusketa.
Aldi berean, margotzeko modua aldatu egin dela ikusi daiteke ere. Garai batean modu batean margotzen zuten, eta gaur egun beste modu batean. Alde horretatik ere eboluzio bat egon dela ikusten da.