Bihar hasiko da 'oztoporik gabeko bainua' zerbitzua
Erabiltzaile guztiei zerbitzua ematen zaiela bermatzeko indartu egin dute eskaintza: uneoro bi sorosle egongo dira laguntza ematen.
Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek bainua lasai eta oztoporik gabe hartu ahal izateko zerbitzua da Oztoporik gabeko bainua. Hondarribiko Udalak Gurutze Gorriaren bitartez eskainiko du aukera, beste urte batez, hilaren 3tik 25era.
Aurten, gainera, zerbitzua indartu egin dutela jakinarazi du udalak, “erabili nahi duten guztiek bainu gabe ez geratzeko”. Uneoro bi sorosle egongo dira zerbitzua ematen. Erabiltzailea gurutze Gorriko aldageletan jasoko dute, eta bainua hartu eta gero bertara eramango dute berriz.
Bainua hartzeko aldez aurretik hitzordua zehaztea gomendatzen da (651902666 telefonora deituta). Hala ere, zuzenean Gurutze Gorriaren postura bertaratuta, libre egonez gero, bainua hartu ahal izango dela ziurtatu dute. Ordutegia honakoa da: 10:30etik 19:30era astelehenetik igandera.
Aurten, gainera, zerbitzua indartzeaz gain, zahar egoitzetako egoiliarrei zabaldu diete aukera, era horretan “bainua hartu nahi duen orok baldintza onetan hartzeko aukera izango du eta edozein herritar bezala hondartzaz disfrutatzeko aukera izango du” adierazi du Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak.