Udaran ere hiriko ondare arkeologikoa ezagutu ahalko da
Bisita gidatuak eskainiko ditu Oiasso Museoak, bai aldi baterako erakusketetara, baita ere erakusketa iraunkorrera. Museotik kanpo ere egingo dituzte bisitak.
Oiasso Museoak ez ditu ateak itxita edukiko uda honetan, eta bisita gidatuak eskainiko ditu. Hamaika dira hiriak dituen ondare arkeologiko erromatarrak: portua eta bere biltegiak, terma publikoak, nekropolia eta Oiasso inguruko meatze ustiapenak.
Horrez gainera, bilduma iraunkorrera ere bisita gidatuak eskainiko dituzte ostiral guztietan. Euskaraz jaso nahi duenak 11:30ean egon beharko du bertan, eta gaztelaniaz nahi dutenek, berriz, 12:30ean. Irungo iragan erromatarra eta garaiko biztanleen eguneroko bizitza ezagutzeko parada izango dira bisita hauek.
Aldi baterako bildumez gozatzeko ere bisita gidatuak egingo dituzte. Kasu honetan, larunbatetan izango dira eta doan. Euskarazkoak 11:30ean egingo dira eta gaztelaniazkoak 12:30ean.
Oraintxe bertan, Emakumeek Diote eta Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak dira ikusgai dauden erakusketak. Lehenbizikoak, erromatarren garaiko emakumearen irudiari ematen dio balioa, Meridako ondareko pieza arkeologiko erromatarren bitartez.
Bestetik, Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak erakusketak Euskal Herriko megatilismoaren alderdi nagusienetatik ibilbide bat proposatzen du.
Irugurutzetako meategiak
Museoan egingo diren bisita gidatuez harago, Irugurutzetako meategietara ere bisita gidatuak egingo dira larunbatero, 11:00etan. Euskadiko kaltzinazio-labeen multzorik handienera egingo den bisitan, bertaratzen diren guztiek, Aiako Harriko meatzaritzaren jatorria ezagutzeko aukera izango dute. Bisitarako topagunea Irugurutzetako paraje naturalean bertan izango da. Tarifa orokorra 5,75 eurokoa izango da; hobariduna, berriz, 4,00 eurokoa. 6 urtetik beherako haur guztiek doako sarrera izango dute.
Santa Elena ermita izango da uda honetan bisitatu ahal izango den beste puntuetako bat. Interesa duten guztiek erromatar tenplu baten aztarnak ezagutu ahal izango dituzte, aurkikuntza arkeologikoak egin diren lekuetatik ibilbide interaktibo bat eginez, TIR Tour Irun Romano APParen laguntzarekin. Proposamenean Santa Elena ermitako nekropolira bisita bat egitea ere jasotzen da. Bisitak igandero egingo dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz. Tarifa orokorra 5,75 eurokoa izango da; hobariduna, berriz, 4,00 eurokoa. 6 urtetik beherako haur guztiek doako sarrera izango dute.
Bisita gidatuetan interesa duten guztiek Oiasso Museoko telefonora deituta eman dezakete izena, 943 63 93 53 telefono zenbakira hain zuzen, edo helbide honetara mezu bat bidalita: info-oiassomuseo@irun.org.